Klasikoek lioketen moduan, partidak bi zati eduki zituen, lehendabizikoa eta bigarrena, eta biak ala biak oso ezberdinak izan ziren. Lehenean, bi taldeok eraispenean asmatu zuten, eta askoz arazo handiagoak izan zituzten sormenean. Hau da, Getaferen eta Osasunaren arteko norgehiagoka batean espero genezakeena ikusi genuen. Bigarrenean, aldiz, partida hautsi zen eta bi taldeek gol aukerak sortu zituzten.
Levanteren aurka ezbezala (hura izan zen kanpoan jokaturiko azken norgehiagoka), atzo gorritxoak erasoan ahalegindu ziren, eta batez ere bigarren zatiko lehen ordu erdian zenbait gol aukera sortu zituzten. Manu Sanchezek urrutitik egindako jaurtiketa. Kike Barjak ezkerrarekin huts egindako errematea (edonola ere, jokaldia baliogabetu zuten, aurretiko falta baten ondorioz). Chimy Avilak harmailetara bidalitako boleakada, errazena baloia sareratzea zirudielarik. Eta futboleko atsotitzak argi dio: barkatzen duenak larrutik ordaintzen du.
Osasunako zenbait jokalari nahi eta ezinean ikusi genituen. Adibide paradigmatikoa: ohi duenez, Kike Barja buruz-burukoan saiatu zen, baina behin eta berriz porrot egin zuen. Itxura kezkagarria eman zuen beste jokalari bat, Darko: erasoko jokaldiak ehuntzen ahalegindu zen, baina pase errazak huts egin zituen sarri. Lucas Torro itota ikusi genuen norgehiagokaren azken txanpan.
Beste jokalari batzuek, aldiz, distira handiagoa eskaini zuten. Jon Moncayolak aspaldiko partidarik onena egin zuen, eta joan den denboraldiko box to box erdilari ikusgarri hura ekarri zigun gogora. Ruben Garciak aspaldiko partez txinparta ikusgarriak eskaini zituen. Chimy Avilak partida ona egin zuen, erasoan zein defentsan.
Hori guztiori horrela, zalantza kezkagarria uzten digu atzoko partidak: atzo Osasuna konformista izan zen eta larrutik ordaindu zuen, ala atzo Osasuna saiatu zen baina ez dio gehiagorako ematen?
Edonola ere, Gazteluko plazako taldeak bederatzi jardunaldi daramatza jada garaipenik erdietsi gabe. Eta Osasunazalei joan den denboraldiko marka datorkie gogora, 13 jardunaldikoa.
Sailkapenean, zorionez, egoera ez da hain kezkagarria. Gorritxoak 12.ak dira, 22 punturekin, eta jaitsiera zazpira daukate.