ELA, UGT, LAB eta CCOO-k mobilizazioen tonua igo dute, eta horrela jarraituko dute, duintasunez zaintzeko eskubidea bermatuko duen eta zaintzen duenak baldintza duinak dituen eredu bat lortu arte. Egoera horren aurrean, sindikatuek eskatuta, negoziazio mahaia eratu zen maiatzean patronalekin -ANEA eta LARES- eta Nafarroako Gobernuarekin, baina hilabete hauetan guztietan ez dute inolako borondaterik erakutsi negoziazioan aurrera egiteko eta langileen baldintzak hobetzeko.
"Zaintzak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, eta horiek onura ekonomikoari ematen diote lehentasuna, pertsonen zaintzari eman beharrean" salatu dute sindikatuek. "Hori guztia, gainera, diru publikoarekin finantzatuta. Zaintzek eta bizitzek ez lukete negozio esparru izan behar. Zaintza profesionalizatuak publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar du".
"Egungo zainketa-eredua agortuta dago" azaldu dute greba argudiatzerako orduan. "Zainduak izan behar dutenak ez ditu zaintzen, ezta sektoreko langileak ere. Zaintza sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duina eta integrala jaso dezaten. Gaur egun, Nafarroako 70 zentro baino gehiago (erresidentziak eta eguneko zentroak kontuan hartuta) estatu mailako lan-hitzarmen batek arautzen ditu, zentro gutxi batzuk izan ezik, enpresako hitzarmenak negoziatu dituztelako. Estatuko hitzarmen horrek baldintza prekarioetan mantentzen ditu langileak".