Langile publikoen %54 aldi baterako kontratua izatea "gehiegizkoa eta kezkagarria" da Kontu Ganberaren arabera

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 26a, 10:04

Nafarroako Ogasun kontseilaritzaren egoitza

Nafarroako Kontu Ganberak argitaratu du 2020ko aurrekontuei buruzko txosten fiskala eta bertan azpimarratu du iaz osasun esparru publikoan lan egin zutenen artean %64 izan zirela aldi baterakoak.

Kontuen Ganberak Nafarroako 2020. urteko kontu orokorrei buruzko txostena kaleratu du eta bertan aztertu dute Foru erkidegoaren kontuen egoera.

Txostenean azaldu dutenez Nafarroako Gobernuak 4.600 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak 4.700 eurokoak izan ziren eta 2019 urteko datuekin alderatuz, gastuak %4 igo ziren eta diru-sarrerak, berriz, %7. Gastuaren igoera zorpetze publikoaren eraginez izan zen. Gogoratu beharra dago COVID-19ak eragin zuzena izan zuela iaz herritarren ekonomian baina baita ekonomia orokorrean ere, zerga bidezko diru-sarrerak %7 jaitsi baitziren.

Gastuen zenbatekoak horrela banatzen dira: 1.700 milioi transferentzia arruntak; langileria, 1.500 milioi; ondasun eta zerbitzuen gastua, 738 milioi. Inbertsioen kopurua nabarmen txikiagoa izan zen: 142 milioi.

Gastuak zein arlotara bideratu ziren begiratuz gero, osasunak %27 hartzen du (1.200 milioi),hezkuntzak %17 (770 milioi) eta Estatuari egindako ekarpena %12 izan zen (550 milioi). 

Covid-19aren pandemiaren ondorioz eregastua hainbat arlotan handitu zela nabarmentzen du Kontu Ganberak, besteak beste, Osasunbidean 100 milioi baino gehiago. Hezkuntzan 60 milioi eta gizarte zerbitzuetan 40 milioi.

Langile publikoak

Langileriari dagokionez, 202o urtearen amaieran 32.000 lagun ari ziren lanean Nafarroako Administrazio Publikoan. Horietatik 17.000 aldibaterako kontratatukao emakume-gizonak dira. Behin-behinekotasun maila, beraz, %54 da, eta “gehiegizkoa eta kezkagarria”, dela iritzi du Kontu Ganberak. Osasunbidean portzentajea are handiagoa da: %64ko. Agerikoa da ere arlo honetan pandemiak izandako eragina, batez ere osasun arloan bereziki. Langileriari dagokionez beste datu aipagarri bat, arlo publikoko langileen %53k, 50 urte baino gehiago baititu. 

Diru-sarrerei erreparatuta, zuzeneko zergen bidez 1.900 milioi lortu ziren. Zeharkakoen bidez, 1.730 milioi. Zorpetzetik jasotako dirua da hirugarren diru-sarrera nagusia, 648 milioirekin.

Kontu Ganberaren txostenak azpimarratzen du "Kontabilitate Plan Orokorra ez dela bere osotasunean betetzen" eta "zergen kobrantza kontrolatzen duen sistema informatikoaren eta kontabilitatearen arteko lotura ere ez da behar bezalakoa".

Kontuen legezkotasunari dagokionez aldeko iritzia ematen du txostenak  "Administrazioaren kudeaketa indarrean dagoen legediaren araberakoa baita". Dena den, epea amaitua duten kontratuek 200 milioiko gastua eragin dute.


Kontuen bilakaera ona, etenda

"2016tik Foru Administrazioaren kontuen bilakaera ona zen. Ordutik, aurrekontu emaitzak positiboak izan dira eta zorra gutxitu egin da" hala jasotzen du Kontu Ganberak. Baina, pandemiaren ondorioz, amaitu egin da azken urteotako bilakaera ona.

Orain arte azaldutakoaren arabera agerikoa zenez, krisiak zergen bidezko diru-sarrerak gutxitu egin ditu, eta gastuak handitu. Horren ondorioz, "adierazle gehienek txarrera egin dute". 2020. urteko aurrekontu emaitza ez finantzarioa (zorretik datozen diru-sarrerak kontuan hartu gabe zenbatzen dena) negatiboa da 203 milioitan. Konparaketa egitearren 2019an positiboa izan zen 150 milioitan. Gauzak horrela, "azken urteotan gutxitzen ari zen zorra ere 350 milioitan handitu da, 3.310 milioi eurotara iritsita".

Txostenak 16 enpresa publikoen egoera ere aipatzen du. Hor nabarmena dute ere krisiaren eragina, kontuek okerrera egin baitute. 2019an 7 milioiko etekina lortu zuten. Iaz, berriz, 8 milioiko galera. Dena den, zorra %11 gutxitu da, 58 milioiraino. Sozietate publikoen negozioaren %36 Foru Administrazioaren menpe dago.
Kontuen Ganberak gomendio batzuk eskaintzen ditu Foru Administrazioaren kudeaketa hobetzeko. Horien artean, "Nafarroako kontabilitate publikoaren plan orokorra ahalik eta azkarren onar dadila". Hori beteko ez balitz, Estatuarena bere osotasunean aplikatu beharko litzateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!