Aurkeztu dute 2022ko Nafarroa Oinez

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 26a, 08:22

Tafallan izanen da heldu den urteko Nafarroako ikastolen jaia.

Ia urtebete falta da baina dagoeneko egin dute Tafallako Garces de los Fayos ikastolako Nafarroa Oinez jaialdiaren aurkezpena. Ekitaldi jendetsua izan zen atzokoa eta Tafallaldeko zein Nafarroa erdialdeko eragile, elkarte eta bestelakoetako 250 partaidek baino gehiagok parte hartu zuten antolatzaileen arabera "hunkigarria, koloretsua, kartsua, dibertigarria" izandako aurkezpenean.

Bertaratutakoek, ikastolako kideekin batera bete zituzten Tafallako Kulturaguneko 455 eserlekuak 2022ko Nafarroa Oinezen aurkezpenaz gozatzeko. Garces de los Fayosen ikasleriaren herrietako ordezkariak ere bertaratu ziren: Amatriain, Amunarrizketa, Artaxona, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda de Arga, Erriberri, Puiu, eta San Martin Unx.

Aritz Azcaratek, lehendakariak, gogora ekarri zuen zuen Tafallako Ikastolak “bidean aurrera egin zuela zortzi familiak egindako lanari esker, euren seme-alaben euskalduntzea hain zuzen ere”. “Jende gutxi baina borondate
handiko pertsonen laguntzaz” jarraitu zuen azkaratek “legez kanpokoa, bitartekorik gabea, libururik gabea, familiek euren eskutik jarritako materialarekin” abiatutako ikastola jaso zuten.

Lan horri esker, euskara errotu da Tafallaldean. Eta hori ere azpimarratu eta txalotu zuten atzoko ekitaldian, eta azpimarratu nahi dute 2022ko Nafarroa Oinezen leloarekin: 'Erdian Erein'. “Erdian” ikastola kokatuta dagoen gune
geografikoarengatik ez ezik, "ikastetxeak bete duen mende erdiarengatik". “Erein” euskara eta euskal kulturaren landatze, hedatze eta zabaltzearen adierazle gisa.

Irudian, ezkurra ageri da, atzokoan zehaztu zuten moduan "ikastolak ondotxo baitaki fruitu txiki hori, denborarekin, zuhaitz handi bat sor dezakeen hazia dela". Paula Arregi zuzendariak zehaztu zuen bezala “haiek zaindu, maitasunez ureztatu eta haizetik babesten badira, gai dira munduari euren handitasuna erakusteko bezain beste garatzeko”.

Bide argia du Garces de Los Fayos ikastolak, eta bi helburu zehaztu ditu Nafarroa Oinez honetarako: batetik, espazio ireki berriak sortzea ikastolan "askatasun osoz aritu ahal izateko" eta hezkuntza-proiektuak markatzen dituen lerroekin bat egiteko, tartean "elkartu ahal izateko, talde-lana bultzatzeko eta erabakiak guztien artean adosteko eremuak" hain zuzen ere. Bigarren helburua erabat ekonomikoa dena, " orain arte eskatutako maileguei aurre egiten jarraitzea". 

Gutxiago falta da beraz 2022ko urrian ospatuko den Nafarroa Oinezerako eta Tafalladean dagoeneko lanean ari dira. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!