Pozik agertu da Nafarroako Gobernua trafiko eskumenen eskuduntza aldaketaren negoziazioarekin. Egutegia zehaztu dute dagoeneko: 2024 eta 2025 urteen artean jasoko ditu osotasunean trafiko eskumenak, tartean “progresiboki” eginen da aldaketa. Aurretik, baina, Transferentzien Batzordean berretsi behar dute akordioa. Urtea amaitu baino lehen emanen dela uste du gobernuak. Segurtasun Batzordea ere bildu beharko da, "bertan zehaztuko da Foruzaingoak gehitu behar duen agente kopurua, 149 guztira". Ondoren, eskumenaren titulartasuna bere gain hartu beharko du, aurreikuspenen arabera 2022an izanen da, lehenengo hiruhilekoan.
Abenduaren 1ean biltzekoa zen batzordea, baina bilera atzeratzea erabaki dute. Oraindik badituzte zehaztu beharrekoak. Akordio “politikoa” egintzat eman du gobernuak, baina “alderdi teknikoak” falta direla zehaztu du. Eskumen aldaketak eraginen duen kostu ekonomikoa eta hitzarmen ekonomikorako ekarpena kalkulatu behar dituzte.
Hala ere, trafikoa eta bide segurtasuna Nafarroara transferitzeko lanetan "aurrerapauso garrantzitsuak" eman dituztela esan du Javier Remirez presidenteordeak. Zehaztu duenez, Estatuarekin bat etorriz, honako hauek zehaztu dira: "Bai eskumen-matrizea, Foru Erkidegoak bere gain hartuko dituen eskumenak jasotzen dituena, bai trafiko-eskumena ezartzeko kronograma, zeina progresiboa izango baita hurrengo ekitaldietan, 2024ko abenduaren 31tik 2025eko abenduaren 31ra bitartean amaituta izateko, honako ezarpen-faseen arabera".
Gaineratu duenez, trafiko-zigorren kobrantzaren kudeaketa ere zehaztu dute, "orain Foru Erkidegora pasatzen ari dena". Horretarako, Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmen bat sinatuko dutela esan du, "zigorrak kudeatzeko duen sistema aprobetxatzeko; zigor horiek Foru Erkidegoaren irudiari egokituko zaizkio".
Remirezek gaineratu duenez, "aurrerapauso garrantzitsuak" eman dira Guardia Zibileko kideek Foruzaingoari egindako pasabidearekin zerikusia duen alderdian. Remirezek azaldu duenez, transferentziaren negoziazio prozesua "oso positiboa" da, eta "Estatuarekin akordioa eta elkarrizketa izateko borondatea" azpimarratu du.