Navarra Sumak ez du nahi eraso sexisten inguruko albisterik sanferminetan

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 24a, 07:27

2016ko sanferminetan, eraso sexisten aurka egindako elkarretaratze bat. (Argazkia: Ekinklik)

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik udaleko kounikazio arduraduna gaitzetsi dute, eraso sexisten titularrek jaien eta hiriaren irudiari kalte egiten diotela esateagatik.

Navarra Sumak agerian utzi du ez duela gogoko Iruñeko Udalak eraso sexisten aurka duen protokoloa eta, bereziki, sanferminetan egindako salaketak ezagutaraztea, horrek hiriaren irudia kaltetzen duela iritzita.

Hori izan da Herritarren Gaietarako Batzordean jorratutako gaietako bat. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik osatzen duten udal gehiengoak adierazpen bat aurkeztu du, Udaleko Komunikazio arduraduna kritikatzeko –Navarra Sumak izendatutako kargua da–, duela gutxi egindako iruzkin batzuengatik.

Adierazpena onartua izan da, Navarra Sumaren aurkako botoarekin. Hiru puntu ditu, eta horietako lehenak "argi eta garbi" gaitzesten du "Iruñeko Udaleko Komunikazio arduradunak urriaren 28an 'Desencuentros 3.0' foroan egindako hitzaldia, sanferminetan gertatzen diren eraso sexual eta sexista guztiak agerian uztearen eta salatzearen aurkakoa".

Gainera, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik "egungo Komunikazio arduradunak defendatzen duen jarrera gobernu talde osoaren jarrera ofiziala den" argitzeko eskatu diote udal gobernuari.

Azkenik, honako hau eskatu dute: "Pitzadurarik gabe berrestea eraso horien berri jendaurrean emateko beharra, bai eta eraso sexisten aurrean Erantzun Politiko eta Herritarrentzako Protokoloa bere osotasunean aplikatzeko beharra ere, udal honek adostasunez eman baitu protokolo hori, eta mugimendu feministaren eta indarkeria matxista tratatzen duten profesionalen bermea baitu".

Eztabaidan, Eva Aranguren EH Bilduko ordezkariak adierazi du eraso edo salaketa sexistak ezkutatzeak protokoloaren oinarria zalantzan jartzea dakarrela. "Eskuinaren moral bikoitza da, gauzak ez jakitea, hobe baita ezkutatzea salatzea baino".

Zinegotzi abertzaleak adierazi duenez, "eraso horiek ikusarazteko beharra eta garrantzia ukatzea eta publikoki salatzea erakundeen estrategia osoaren eta mugimendu feministaren beraren bihotza erasotzea da".

Maite Esporrinek (PSN) esan du "ezustekoa" izan zela Komunikazio arduradunaren hitzaldiaren edukia entzutea. "Nahi duzun iritzia eman dezakezu, baina gai hau udalari dagokio. Informazio horiek ezin dira alde batera utzi. Informatu beharra dago, mundu guztia ados dago salaketek duten garrantziaz ".

Geroa Bairen aldetik, Patxi Leuzak neurriak hartzeko eskatu dio Gobernu taldeari; izan ere, Komunikazio arduradunak egindako baieztapenek "asko kostatu zen bidea urratzea" dakarte, eta udala "oso egoera konprometituan" kokatzen dute. Navarra Sumak iritzi bera duen galdetu du Leuzak, eta uste du "gauzak armairuan ezkutatzea" ez dela ezer konpontzeko modua.

Navarra Sumaren izenean, Maria Caballerok erantzun dio Geroa Baiko zinegotziari, eta ziurtatu duenez, estrategia horrek "hiriaren irudia lausotu" duela ziurtatu du, eta berretsi du ez dela beharrezkoa erasoekin zerikusia duten titularrei lehentasuna ematea.

Amaitzeko, Navarra Sumako ordezkaria oso kritikoa izan da oposizioko hiru indarren ekimenarekin, "errealitatea desitxuratzen" komunikazioko pertsona bat zuzenean seinalatu dela iritzita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!