Legeak ondasunak inskribatzeko aukera eman zion bitartean, elizbarrutiak egin dituen immatrikulazioen mapa eta xehetasunak eraman ditu Nafarroako Parlamentura Nafarroako Gobernuak. Zenbaketak 1900 eta 2021 arteko epea hartzen du, eta 2.952 jabetza biltzen ditu, horietatik 1034 1998tik aurrera erregistratuak, Hipoteka Legea aldatu ondoren.
Horien arten nekazaritza-finken kopurua handiagoa da eliza kopurua baino. 700 baino gehiago dira. Ez da hor geratzen kultuarekin zerikusi gutxi duten jabetzen zerrenda. Eliza herri ezberdinetako 9 plazaren eta 3 pilotalekuren jabe da. 200 pisu ditu Elizak bere izenean, 250 parrokia-etxeak kontuan hartu gabe. Hogei bat merkataritza-lokal ere bereganatu ditu.
Elizak landa-eremuan ditu immatrikulazio gehienak. Lau udalerri baino ez dira libratu praktika horretatik: Castejon, Sartaguda, Petilla Aragoiko eta Orreaga. Azken hau Erdi Arotik, osotasunean, Elizarena delako.
Hipoteka-legeak 2015era arte ahalbidetu zuen Eliza Katolikoak bere izenean inskribatu nahi zituen ondasunen jabetza frogatu beharrik ez izatea, gainerako pertsona fisiko eta juridikoei gertatzen zaien bezala. 2000 eta 2010 arteko hamarkadan Iruñeko artzapezpikutzak bere izenean agertzen diren jabetza guztien herena baino gehiago hartu zuen.
Eduardo Santosek Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoa nabarmendu du, "udalerri batek ere arrazoi ekonomikoengatik edo konplexutasun juridikoengatik borroka egiteari utzi behar ez izateko". Horretarako, sailburuak iragarri du Lurralde Kohesioko eta Landa Garapeneko departamentuak 2022ko NPBetan partida bat sartzea negoziatzen ari direla, NUPekin hitzarmen bat sinatzea ahalbidetzeko, "zehatz eta akademikoki zehaztu dezan erreklamazioaren xede diren herri-ondasunen zerrenda, ohar soiletan jasotako informazioa ez baita nahikoa".
Azterlan horretatik abiatuta, Gobernuaren eta tokiko erakundeen arteko lankidetzarako bide egokiak gaituko lirateke, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bidez, "tokiko entitate horien komunalaren eta beste ondasun komun batzuen defentsa bermatzeko".