EGA agiria lortzeko probak egiteko epea zabaldu dute

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 22a, 13:17

Ohiko deialdi bakarra izanen da 2022an eta hiru fase izango ditu azterketak: testa, idatzizkoa eta ahozkoa. 

Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko matrikula epea gaur, azaroak 22, hasi da eta 2021eko abenduaren 16an amaituko da. Hala jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

2022ko deialdi bakarrera probak egitera aurkeztuko direnek,  aukera dute matrikula telematikoki egiteko Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez, edo aurrez aurre, Hezkuntza Departamentuko Informazio Bulegoan (Santo Domingo, 8. Iruña), 08.30etatik 14.30etara.

Deialdiaren oinarrietan azaldutakoari jarraiki (urriaren 1eko 414/2021 Ebazpena) matrikula tasak 26,20 € (ohiko tasa), 13,10 € (tasa murriztua) edo doakoak izango dira, egoera bakoitzaren arabera ebatzitakoa oinarri izanik. 

Informazio gehiago eskuragarri Nafarroako Gobernuaren webgunean, EGA tituluaren atalean, eta horrez gain 848 42 65 93 telefonoa jarri du eskuragarri gobernuak.


Ohi bezala azterketak barne hartzen ditu hiru proba (Atarikoa, Idatzizkoa eta Ahozkoa) eta Titulua eskuratzeko ezinbestekoa da horiek guztiak gainditzea:

  1. Atariko Proba: 80 galderez osatutako test batean datza eta honen bitartez ebaluatzen dira baliabide linguistikoen ezagutza, ahozko ulermena eta irakurketaren ulermena.
     
  2. Idatzizko Proba: barne hartzen ditu bi jarduera. Batetik, 180 hitzeko idazlan bat eta bestetik, gutxienez 250 hitzez osatutako beste bat. 
     
  3. Ahozko Proba: barne hartzen ditu bi jarduera. Batetik, testu baten gaineko ahozko azalpena bost minututan, eta jarraian, hamar minutuko solasaldi bat.


Titulua

EGA-ren bitartez ziurtatzen da pertsona baten euskara gaitasuna, alegia bertako hizkuntzaren bidez modu eraginkorrean moldatzeko trebetasuna duela eta inguruan duen edonor baimentzen duela ezagutza hori eskatzen duten lanpostuak eskuratu ahal izatera.

Titulua C1 mailakoaren parekoa da Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!