COVIDaren aurkako neurriak sendotzearen alde egin dute parlamentuko taldeek

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 22a, 11:21

Nafarroako Parlamentuko ekainaren 3ko osoko bilkura, artxiboko irudian. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Nafarroako Gobernuak gaur igorriko dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari Covid ziurtagiria ezartzeko araua. Nafarrako Parlamentuan begi onez ikusi dute taldeek neurriaren ezartzea, baina zenbaitekin.

Nafarroako Gobernuak gaur igorriko dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari Covid ziurtagiria ezartzeko araua. Epaileek testua jasotzean Nafarroako fiskal nagusiari bidaliko diote, haren irakurketa egin dezan, eta ondoren ebatziko dute zein iritzi duten proposamenaren aurrean.

Bitartean Nafarrako Parlamentuan begi onez ikusi dute taldeek neurriaren ezartzea, baina zenbaitekin.

Navarra Sumaren iritziz, neurri bakar batek bere horretan ez du egoera konponduko. Seigarren olatuan, Nafarroa Espainiako erkidegoen artean okerrenetako bat izatea deitoratu du. "Atzerapenak daude PCRak egiterakoan eta isolamenduak ezartzerakoan", adierazi du Javier Esparza eledunak.

Kontrako norabidean mintzatu dira sozialistak. Aztarnarien lana goraipatu dute, eta PSNko Ramon Alozorrizek txertaketaren beharra azpimarratu du beste behin: "Txertoak funtzionatzen du". Horrekin batera, prebentzioa eta ardura aipatu ditu.

Neurri guztiak dira beharrezkoak Geroa Baiko Uxue Barkosen iritziz. “Esperientziak erakutsi digu, neurrien politika oso bat beharrezkoa dela”, adierazi du eta Covid ziurtagiriak politika hori "indartuko" duela. Geroa Baik osteguneko plenora gaurkotasun galdera eginen dio Osasun kontseilari Santos Induraini kasuen gorakadaren inguruan.

EH Bildutik ere uste dute gehituko duela neurriak, baina aurretiazko neurriak sendotu behar direla ohartarazi du Adolfo Araiz parlamentariak: "Prebentzioa da lehenengo neurria, eta hortik aurrera CO2 neurgailuak orokortu behar dira eta antigenoen testa masiboak egin beharko lirateke". Covid ziurtagiria, Araizen aburuz, "ez da konponbidea" izango.

Txertatu ez direnak egin dezaten pizgarria izan daiteke ziurtagiria, berriz, Ahal Duguko Mikel Builen ustez. Bide beretik jo du Ezkerrako Marisa de Simonek ere. Neurri guztiak adostutakoak direla azpimarratu du, eta ezarri nahi direnekin guztiz ados daudela adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!