Carmen Maeztuk, Jendarte Eskubideetarako kontseilariak, 'Nafarroa bihotz handia' kanpaina aurkeztu du ostegun honetan, adin nagusitasunera iritsi berri diren gazteen zein adingabeen mentore izateko familia-harrera prozesua zein boluntariotza sustatzeko.
Hala dio kanpainiak: "325 adingabe eta gaztek espero dute norbaitek eskola eta gero zabuetara eramatea, edo futbolera, edo zinemara. Faltan botatzen dute beren haurtzaroan eta heldutasunerako bidean laguntzen dieten, eskolako lanetan orientatzen dituzten edo zalantzak entzuten dituzten familien edo pertsonen berotasuna. Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen babesa edo tutoretza duten haur eta gazteak dira, bost urtetik, hasi berri den adin nagusitasunera bitartekoak".
325 adingabe zein gazte horietatik, 195 Nafarroako Gobernuaren tutoretzapeko egoitza planaren barruan artaturik daude, gainontzekoak, behin 18 urte beteta, autonomia laguntzeko prozesuaren barruan.
Foru-agintaritzak, neska eta mutil horiek "erabat edo partzialki desinstituzionalizatzearen onurak ezagututa", 2022an adingabe horietako 80rentzako harrera-familia edo erreferentziazko pertsona bat lortzeko erronka jarri dio bere buruari. Horretarako, publizitate-kanpaina sustatu du, "sentsibilizazio orokorreko testuinguru batean, Iruñerriko eta beste herri batzuetako dozena bat auzo eta herritan lan komunitarioarekin indartuta", gizarte-erakundeak eta udal-zerbitzuak inplikatuz.
Maeztu kontseilariak gogorarazi du lehen aukera dela ahal den guztia egitea haurrak beren familia biologikoekin egon daitezen. Eta, ezinezkoa denean, familia-harrerako eta adopzioko zerbitzua lehenestea, egoitza-baliabideen aurrean.
Babes-sistema publikoak 611 adingabe edo gazte artatzen ditu: 395 mutil eta 216 neska. 611 historia pertsonal horiek bizi-ibilbide konplexuak dituzte. Gaur egun, 325 Nafarroako Gobernuaren egoitza-harrerako edo babeseko sistemapean daude.
Egoitza-harreran dauden 195 neska-mutilei dagokienez, 4 eta 18 urte bitartekoak dira, baina % 85ak 12 urte edo gehiago ditu, eta % 75ak 14 urte baino gehiago. Hori dela eta, haien ongizaterako funtzeskotzat jo du Maeztuk "afektua eta laguntza ekarriko dien pertsona edo familia-ingurunea" izatea.
Familia-harreran bizi direnen artean, adin-tarteen banaketa askotarikoagoa da: etxeetan hartutako mutilen edo nesken % 34k 11-14 urte ditu; %19ak 15-19 bitarte; %17ak 7 eta 10 urte artean; %14ak 4-6. 22 0-3 urte adintartekoak dira eta 48 adin nagusiak.
Azkenik, 40 haur eta gaztek jaso dute erreferentziako pertsona edo familiaren programaren babesa. Gaur egun, 20 harreman-egoera egonkorrean daude, eta beste 20 harrera-familiarekin modu egonkorrean bizitzen hasi dira.