Steilasek salatu du Hezkuntzak ez duela ituna bete nahi

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 17a, 11:28

Sindikatuaren iritziz, “jasanezina” da goberuaren “iruzurra”. Eskola publikoari eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuei baliabideak murriztu dizkiela salatu dute.

Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza publikoarekin duen konpromisoa bete ahal izateko, itunak diru ekarpena behar duela ohartarazi du Steilas sindikatuak. 2022ko aurrekontuek hala jasotzea galdegin dute gaur parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Ituna betetzeko foru lege bihurtu zuten iaz, gobernuko alderdiek akordio programatikoan betetzeko konpromisoa hartu zuten eta, gainera, BPGaren gaineko hezkuntzan %5eko inbertsioa lortzea erabaki zuten. “Horregatik, gobernu honek ez badu betetzen, eta ez du eginen negoziatzen ari den aurrekontuen zirriborroa onartzen bada, hori egiteko borondate eta koherentzia politikoaren eza agerian utziko ditu”, adierazi du sindikatuak. Datorren urtean amaituko da itunaren indarraldia.

Sindikatuak salatu du departamentuak ez duela behar bezalako interesik erakutsi akordioaren gaineko puntuak garatzeko. Bi dira bete dituenak, sindikatuaren irudikoz: “2019an, Gobernua aldatu ondoren, lege-dekretu bat atera zen ordezko irakasleek uda kobratu zezaten eta kontratatutako langile guztiek antzinatasunaren ordaina jaso zezaten (funtzionarioek bezala). Era berean, Bigarren Hezkuntzan zuzeneko irakaskuntzako orduak murrizteko beste puntu bat bete zen. Une horretatik aurrera, departamentuak  era guztietako eragozpenak jarri zituen Ituneko gainerako neurriak betetzeko”. Sindikatuen mobilizazioari esker, parlamentuak ituna betetzera behartzen zuen lege bat idatzita, adinagatiko zuzeneko irakaskuntzako murrizketak ezartzea lortu zela ekarri dute gogora.

Hezkuntza Departamentuak “itunaren kontrako gurutzadarako” estrategia garbia duela uste du Steilasek: “Bileretara ez deitzea (hau ere sindikatuen aldarrikapena bihurtuz), edo negoziazioetan lekurik ez duten eragileak eta prozedurak erabiltzea, sindikatuei behin eta berriz gai berberen inguruko iritzia eskatzea, Funtzio Publikoari galdegitea erantzunik jasotzen ez duten ustezko txostenak, edo aurrekontuaren inguruko zailtasun lausoak argudiatzea”.

Sindikatuak salatu du, gainera, itunaren jarraipen batzordearen azkenaurreko bileran adierazi zitzaiela “balitekeela Departamentuak ratioak jaisteko interesik ez izatea”, ratioak jaisteak hezkuntza hobekuntzarik ekarriko ez lukeela argudiatuz.

Ituneko hurrengo neurriak aldarrikatu ditu sindikatuak: lanaldi osoko igoera irakasleentzat Haur eta Lehen Hezkuntzan 18 orduko kontratuarekin, eta 15 ordukoa Bigarren Hezkuntzan; pentsio osoarekin erretiroa hartu ezin duten 60 urtetik gorako langileen lanaldi osoaren heren bateko murrizketa; euskarazko arte eta musika irakaskuntzen garapena, baita lanaldi eta ordutegien dekretu berri bat ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!