"Memoria duten Eskolak" programaren 2021-2022 ikasturteko edizioa aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Aurten aurreikusitako jardueren artean nabarmendu dituzte "Memoria duen Antzerkia" zikloa eta 'Amonarenean Kea' ipuinean oinarritutako Unitate Didaktikoa. Aurkezpenean, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak eta Dani Martirena kazeterai eta idazleak parte hartu dute.
'Amonarenean Kea' lana Nafarroa osoko lehen hezkuntzako ikastetxeetan landuko dute. Dani Martirenak idatzi eta Ana Ibáñezek ilustratutako obra oinarri, unitate didaktikoa sortu dute Irantzu Rodríguez, Larraintzarko Ikastetxe Publikoko eta Sarrigurengo Joakin Lizagarraga ikastetxeko Eneko Gamarra irakasleekin batera, Memoria Historikoa LH zikloko ikasleriari hurbiltzeko asmoarekin.
Unitateak ikuspegi eta ikasgai anitzetatik lantzea ahalbidetzen duen izaera du, besteak beste: Gizarte Zientziak; Hizkuntza eta Literatura; zein Baloreak eta Bizikidetza.
'Amonarenean kea' album ilustratuak, Dani Martirena egilearen hitzetan, "oroitzapenak aldarrikatu" nahi ditu, horretarako lau bilobek amonarekin batera izandako igandetako plana berreskuratzen du. Krema eta marrubi hostorea nola prestatzen zituen gogoratzen dute. Igande batean amonak bere errezetaren sekretu guztiak beraiekin partekatu nahi izan zituen arte, horrela bere hostorea bere erara prestatzen jarrai dezaten, belaunaldiz belaunaldi. Hala ere, liburuak beste sekretu bat ere gordetzen du, "36ko gerrara garamatzan sekretua, aitonarekin zerikusi zuzena duena" zehaztu du idazleak. Izan ere, "liburuak oroimena harilkatu nahi du oroitzapenik intimoenak ehunduz".