'Zure ondoan gaude' hautatu du Gobernuak azaroaren 25eko lelo gisa

Iosu Ganuza García 2021ko aza. 15a, 12:46

Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunean, tratu txarrak pairatu zein atzematen dituzteneei arreta zerbitzuen berri emateko hautatu du esaldia Foru-agintaritzak. 

Nafarroako Gobernuak mila emakume baino gehiago artatuko ditu aurten Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Taldeetan, Foru-agintaritzak eginiko aurreikuspenen arabera. Hori dela eta heldu den azaroaren 25erako, Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunerako, 'Zure ondoan gaude' leloa hautatu dute, arreta zerbitzu horien berri emateko asmoz.

Aurten, iraila bitarte, 911 emakumeri eman diete zerbitzua, 2020ko epe berdinean baino % 23 gehiago; eta etxean tratu txarrak sufritu dituzten 60 adingaberi, aurreko urtean baino % 11 gehiago.

Biktimen arreta indartu nahian, eta arreta zerbitzuen beharraren gorakada ikusita, Nafarroako Gobernuak, %15 igoko du arlo honetan aurrekontua 2022. urterako. 

Nafarroan goruntz egin dute urte honetan indarkeria matxistagatik jarritako salaketek dagoeneko pasa den urtean baino %1 gehiago dira eta oraindik ez da urtea amaitu. Igo dira nabarmen 29 urtetik beheragoko emakumeek jarritako salaketak ere, jarritako guztien %40 direlarik.

Hori dela eta aurtengo kanpainak indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko taldeetan "bizitza hobe baterako atea irekitzen" laguntzen dutela zabalduko du. Horretarako arreta zerbitzuen lana erakutsi eta zabalduko dute. Hauetara jo duten biktimen %99 inguruk positiboki baloratzen du jasotako arreta, baita kudeaketa epeak eta eraginkortasuna ere. 

Eva Isturizek, NABIko gerenteak, gogorarazi du "emakumeen aurkako indarkeriak ezaugarri desberdinak" dituela eta "egiturazko izaera" duela, eta beraz, ondorioztatu du "emakume guztiak daudela arriskuan". Gauzak horrela nabarmendu du "Nafarroan gertatzen den emakume eta gizonen eskubideen urraketarik handiena" dela. 

Arreta zerbitzuen lau bulegoak Berriozarren (948 00 49 52/948 00 49 53), Tuteran (948 40 36 65), Lizarran (948 55 36 20) eta Tafallan (948 70 34 28) daude. Honetaz gain Iruñeko Udalak Emakumeentzako Arreta Udal Zerbitzua eskaintzen du (948 42 09 40) eta auzitegietan ere lerro berezia sortu du Nafarroako Gobernuaren Justizia departamentuak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!