Esaera zaharraren arabera, ezin daitezke bi buru txapel bakarrarekin estali. Egia biribila eta pena handia, atzoko lau t’erdiko finalean ikusitakoak ikusi eta gero. Jokin Altunak eta Unai Lasok final parekatu eta lehiatua eskaini zuten. Biok ala biok merezi izan zuten boneta janztea.
Jokin Altunak gaztea izanagatik ere txapeldun eskarmentuduna dela eta gogotik sufrituz irabazten badakiela erakutsi zuen. Lasok, berriz, ekainean langabezia kobratzen aritu eta gero, geratzeko itzuli dela, Altuna bezalako txapeldun handi baten aitzinean parez-pare lehiatzeko gauza dela.
Norgehiagokaren hasiera ez zen hain ikusgarria izan. Bi jokalariok urduri kantxaratu ziren, eta kintze azkarrak jokatu zituzten. Di-da erabaki zirenak. Bosgarren puntura arte, parean ibili ziren gero. Jarraian, txanpa ona harrapatu zuen Altunak, kantxaren erdia hartu zuen, eta Laso harat-honat mugiaraziz bost puntuko aldea lortu zuen.
Biskarreta-Gerendiaingoa, ordea, ez zegoen amore emateko prest. Hasierako urduritasuna gainetik kenduta, Altunari kantxaren erdia borrokatu zion, eta erakustaldia eskaini zuen. Sake gaiztoak, azpi-azpitik egindakoak. Gantxoak. Ormabiko sinestezinak. Denetarik egin zuen. Norgehiagokaren amaieran, Altunak berak aitortu zuen 12. Tanto horretatik aurrera Laso gehiago izan zela bera baino.
Haatik, Altunak sufritzen jakin zuen, tanto bakar bat ere galdutzat eman gabe. Lasok erasoan hil ala bizi jardun zuen. Eta, 20nako berdinketaren ondotik, hiltzea egokitu zitzaion.
Harro egoteko moduko finala egin zuten biok ala biok. Pilotazale guztiok pozik egoteko modukoa. Pandemiaren txakalaldiaren ondotik, berpizkundea ekarriko ahal du.