Presidentzian mantentzeko edozein gauza egiteko gai da Maria Txibite presidentea, Navarra Sumako bozeramaile Javier Esparzaren aburuz. Hori erakusten du eskuineko hirukoarentzat EH Bildurekin gobernuak erdietsi duen aurrekontuetarako akordioak. “Maria Txibiteri esker, gero eta gobernagarritasun handiagoa du EH Bilduk”, zehaztu du, “eta Navarra Sumak ez du horretan parte hartuko”.
EH Bilduren “lehentasunak” zeintzuk diren azaltzen ahalegindu da Esparza, atzo Iruñeko kaleetan banatutako afixa baten fotokopia erakutsiz. “Diskurtso soziala estalki bat baino ez da”, epaitu du. Aurrekontuetarako hirugarren akordioa izan denak, eskuinak hainbestetan leporatu dien “legegintzaldi akordioa” agerian utzi du Esparzaren ustez: “Ezin dute gehiago ezkutatu”.
Gobernua indartu du azken akordioak, berriz, gobernuko kideen iritziz. Akordioak egiteko gain den exkutiboa “osatu” dutela defendatu du, beste behin, Ramon Alzorriz bozeramaile sozialistak. Hitz egin nahi duenarekin negoziatu ditu horiek exekutiboak, esan du Alzorrizek, eskuinari keinu eginez: “Polemika eta zarata politiko gutxiago eta akordio gehiago behar ditugu. Gobernua bigarren lekuan dago”. Aurrekontuak Nafarroa eta Nafarroako herritarrak suspertzeko ezinbestekoak izanen direla azaldu du PSNkoak.
“Egonkortasun politikoaren” erakusle da EH Bildu eta Nafarroako Gobernuaren arteko 2022ko Aurrekontu Orokorretarako eta Neurri Fiskalen legerako akordioa Geroa Bai gobernu kidearentzat ere. Hala nabarmendu du gaur Uxue Barkos eledunak, Nafarroako Parlamentuan. 2015era egin du atzera egonkortasuna azaltzeko: “Zazpi urtez izan gara gai Nafarroarentzat ain garrantzitsua den legea ateratzeko”. Navarra Sumak gaiaren gainean “zarata mediatikoa” egin izana deitoratu du.
Aurrekontuen gaineko akordioa txalotu du, halaber, Ahal Duguko Mikel Builek. Orain arte martxan jarritako politiketan “sakontzen” lagunduko du. Akordioak biltzen dituen bi neurri azpimarratu ditu alderdi morekoak: pentsiodunen gutxineko diru sarrerak handitzea eta osasun garraioaren doakotasuna.
Elementu “oso positiboak” ditu akordioak, Ezkerrako Marisa De Simon eledunaren iritziz. Alderdiaren eskakizunak izan diren zenbat jasotzen ditu, azaldu duenez, eta hori dela eta pozik hartu dute ekarpena: “Eduki soziala hobetuko dute”. Hala ere, desadostasun zenbait ere baditu Ezkerrak akordioarekin. Nafarroako Finantza Institutua sustatuko dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk, eta De Simonen aburuz, banka publiko baten alde egin beharko litzake. Legeak Nafarroako Parlementuan berretsi beharko dituzte. Neurri fiskalen legeari emendakinak aurkeztuko dizkio Ezkerrak. Horretan lanean ari dira: "Susperraldi ekonomikoa sozietateen gaineko zergaren erreformatik pasatzen ari da".