76 ikastetxek bozketa eskatu dute, jardunaldi jarraitua betirako edukitzeko

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 5a, 07:39

Mendialdea ikastetxea, artxiboko irudi batean.

Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako 79 ikastetxek, publiko zein pribatu itunduek, administrazio-prozedura hastea eskatu diote Hezkuntza Sailari, egungo eskola-lanaldia aldatzeko eta ikastetxeetan eskolaz kanpoko lanaldi jarraitua edo lanaldi malgua izateko.

79 eskaera horietatik 76k eskatu dute eskolaz kanpoko lanaldi jarraitua eta hiruk lanaldi malgua izatea. Sareen arabera, 69 eskaera Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetatik datoz, eta 10 itunpeko ikastetxe pribatuetatik. Lanaldi-aldaketa eskatzen duten ikastetxe publiko guztietatik, 67k eskolaz kanpoko lanaldi jarraitua eta 2 lanaldi malgua izan nahi dute. Itunpeko ikastetxeei dagokienez, bederatzik eskatu dute beren ikastetxeetan lanaldi jarraitua ezartzeko prozesua hastea, eta batek lanaldi malgua, Nafarroako Gobernuak ohar batean zehaztu duenez.

Ikastetxe guztiek Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 411/2021 ebazpenari heldu diote. Ebazpen horren bidez, 2021-2022 ikasturterako (2022ko urtarriletik aurrera) eta 2022-2023 ikasturterako (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe publiko zein pribatuetan) eskola-lanaldi jarraitua eta eskola-jardunaldi malgua modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautuko duten jarraibideak onartu dira.

Eskola-lanaldi jarraituaren modalitatean, ikasleentzako eskola-jarduerak goizez ematen dira, astelehenetik ostiralera, ikasturte osoan. Gainera, proiektu bat du, derrigorrezkoa, ikasleei arreta arratsaldez emateko (eskolaz kanpoko jarduerak) astean lau egunez, irailean eta ekainean izan ezik.

Eskola-lanaldi malguaren modalitatean, urritik maiatzera bitartean, ikasleentzako eskola-jarduerak goizez eta arratsaldez ematen dira, astean hiru egunetan, eta goizez, gainerako bi egunetan; horietako bat asteazkenetan eman behar da nahitaez. Irailean eta ekainean goizez ematen dira ikasleentzako eskola-jarduerak.

Ebazpenean ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Sailaren ardura da ikastetxeen zerbitzu osagarriak emateko baliabide ekonomikoak optimizatzea. Horregatik, ikastetxeak jantokia eta/edo eskola-garraioa duenean, horien jarraitutasuna bermatu beharko da, partekatzen duten ikastetxeekin koordinatuta. Ezin izango dira zerbitzu osagarrien ordutegiak aldatu, horien kaltetan, ezta garraioaren esleipendunaren plangintzaren kaltetan ere. Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko zehaztutako egunetan, horiek amaitzean irtengo da garraioa.

Ikastetxe horiek lanaldi berriak ezartzeko prozedura hasi ahal izateko, Ikastetxeak Finantzatzeko Zerbitzuaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien oniritzia behar da orain, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei dagokienez ikastetxeak proposatutako ordutegia bideragarria den ala ez zehazteko. Zuzendaritza-taldeek eskola-jardunaldiari buruzko proiektuak egin behar dituzte. Hezkuntza Sailak azaroaren 8a baino lehen jakinarazi beharko du proiektuak onartu diren edo ez.

Bozketa hirukoitza

Ikastetxe batek eskolaz kanpoko lanaldi jarraitua edo lanaldi malgua ezarri ahal izateko, bozketa hirukoitza gainditu behar du, lanaldi-aldaketa arautzen duen ebazpenak ezartzen duenaren arabera. Lehenik eta behin, proiektua isilpeko bozketan onartu behar da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bosteneko gehiengoa behar da, ezohiko klaustroan deituta.

Proiektuak aurreko baldintza betetzen badu, jarraian onetsi beharko dute eskubide hori duten kide guztien bi herenek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!