CENek Foru Gobernuari eskatu dio aurrekontuen aurreproiektua "susperraldi ekonomikoan zentratzea, Europako funtsen injekzio garrantzitsua aprobetxatuz".
CENen iritziz, 2021eko BPGari buruzko azken datuek "hazkundearen moteltzeaz ohartarazten dute, eta horrek, energiaren eta lehengaien prezioaren egungo garestitze-egoerarekin eta hornidura-katearen arazoekin batera, susperraldian ardaztera behartzen ditu ahaleginak, produkzio-sareari eta enpleguaren sorrerari lagunduz".
Enpresa-konfederazioak uste du aurrekontuen aurreproiektuan "enpresei pizgarri gehiago eman beharko litzaiekeela, enplegu-sortzaile nagusiak baitira". Hala ere, enpresen I+Gko inbertsioa eta inbertsioa sustatzera bideratutako diru-laguntzek behera egiten dutela baieztatu du. Horregatik, Konfederazioak zuzkidura ekonomiko handiagoa eskatu du Ekonomiaren Garapen eta Enpresa Departamentuan, "egoera honetan Nafarroako ekonomia hainbeste mehatxurekin dinamizatzeko".
Bestalde, CENek "Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko departamentuaren kontsignazioan hobekuntza esanguratsua eta beharrezkoa" onartu du, "26 milioi euroko igoera baitago".
Enpleguari dagokionez, eta BAIk joan den astean argitaratutako III. hiruhilekoko azken datu ezagunen ondoren (langabeziak gora egin duela eta langabezia-maila iaz baino handiagoa dela erakusten dute), CENek Gizarte Eskubideen Departamentuaren aurrekontu-igoera baloratu du, 51 milioi eurokoa (38 milioi euro Europako funtsetatik). Gainera, "albiste ona da enplegurako lanbide-heziketan 7 milioi euroko igoera nabarmena izan dela, Nafarroako enpresak profil profesional berriak eskatzen ari baitira".
Horrela, CENek adierazi duenez, profesionalen birkualifikazioa eta titulazioak, lanbide-heziketakoak zein unibertsitatekoak, behar berrietara bideratzea "funtsezko elementuak dira Nafarroako enpresek lehiakortasuna handitu ahal izateko".
Azkenik, Nafarroako autonomia eta zerga-araubidea "optimizatzen ari ez den aukera bikaina" direla uste du CENek. "Gure zerga-sistema propioa osatu beharko genuke enpresak, inbertsioa eta berrikuntza erakartzeko balioko duen zerga-ekosistema batekin, enplegua eta gizarte-itzulera sortuz", ziurtatu du.