Nafarroako Foru Komunitatearen eztabaida eginen dute ostegunean eta ostiralean

Juan Kruz Lakasta 2021ko aza. 2a, 07:44

2021eko ekainaren hiruko osoko bilkura (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)
  • Ostegunean eta ostiralean politika orokorreko eztabaida eginen dute Nafarroako Parlamentuan.
  • Exekutiboa sustengatzen duten indarren artean hizkuntza politika eragiten ari da arrakalarik handienak.
  • PSN eroso sentitzen da euskarari buruzko eztabaidan, zentratzen duelakoan, baina gobernuaren kohesioa higatzen ari da, garai gogorragoak gerturatzen ari diren honetan.
  • Navarra Sumak egoera politiko berrira ezin egokituz segitzen du, Nafarroako Jauregitik atera eta zazpi urtera.

Politika orokorreko solasaldiari begira egitate bat: UPN foru exekutibotik at geratu zenetik zazpi urte joan diren honetan, eskuinak jokoz kanpo segitzen du Nafarroan, egoera berrira ezin egokituz.

Horren adibide paradigmatikoa: gaur Aingeru Epaltzak bere zutabean nabarmendu bezala, aurrekontu proiektuari bizkarra ematea justifikatzeko hitzaldian, Javier Esparzak 20 aldiz aipatu zuen ETA, PSNren eta EH Bilduren arteko akordioen aurka egiteko.

Hogei aldiz aipatu zuen duela hamar urtetik jarduerarik ez duen erakundea. Hamabi eta 16 urte arteko gazte nafarren artean ia erdiek ezagutzen ez duten talde armatua.

Bitartean, hirugarrenez aurrekontuak aurrera ateratzear ditu gobernuak. Litekeena dirudi ostiralean ezagutaraztea gobernuke indarren eta EH Bilduren arteko azken akordioa, behin betikoa. 

Aurrekontuak aurrera aterata ere, bistan da kooalizio gobernua barrutik zein kanpotik sustengatzen duten taldeen artean, hizkuntza politika eragiten arui dela arrakalarik handienak.

Balirudike PSN eroso sentitzen dela euskaltzaleen protestak jasotzen, horiek zentratzen dutelakoan, UPNrekin lehian dituen boto-emaileei begira. Horrek gobernukideak elektoralki higatzen dituelakoan.

Epe motzeko begiradarekin nekez iristen da urrutira.

Izan ere, jarrera horrek, bizikidetza zailtzeaz gain, gobernuaren kohesioa higatzen du. Eta kohesio hori funtsezkoa  zaio PSNri, itxura guztien arabera garai gogorrak datozen honetan.

Nazioarteko egoera ekonomikoa guztiz ezegonkorra da. Europako Funtsak ez dira betirako. Auto elektrikoa askoz hurbilago dabil Martorelletik Landabenetik baino. Sindemiak arrakala sozialak handitu ditu. Osasunbidea bere onera itzularaztea ez da erraza izanen. Pandemiaren kudeaketak gobernuari elektoralki eragin dion higadura ikusteko dago.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!