Bat nahi ez, eta bi autopista elektriko ezarriko dizkiete

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko urr. 28a, 12:23

Red Eléctrica de España enpresak Itsaso, Castejon eta Muruarte lotuz egin nahi duen goi tentsioko lineaz gain, Forestalia enpresak Deikaztelu eta Altsasu artean bikoitza izanen den beste bat egin nahi duela salatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Paraleloan zeharkatuko dute Nafarroa. "Zentzugabekeria onartezina da", salatu dute.

"Ankerkeria bat da". Hitz horiekin definitu dute Autopista Elektrikorik Ez plataforma osatzen duten udalerriek Nafarroan egin nahi dutena. 400 kV-ko bi goi tentsioko linea daude une honetan aurreikusita. Azkenaren berri urriaren 8an izan zuten udalek. Forestalia enpresak energia berriztagarria sortzeko Kyoko eta Ume parkeak egin nahi ditu Aragoin. Sortuko duten energia Gasteizera eta Gatikara eraman nahi dute, eta horretarako 244 kilometroko azpiegitura bat osatu beharko dute. 618 dorre aurreikusten dituzte, 70 metrokoak, altueran. Deikaztelutik sartuko da autopista elektrikoa Nafarroara, eta 32 udalerri zeharkatuko ditu. 

Goi tentsioko linea bikoitza izanen da, lau zirkuitu izanen dituena, eta ibilbidearen gehien gehienean Red Eléctrica de España enpresak Itsaso, Castejon eta Muruarte lotuz egin nahi duenarekin paraleloan eginen dute. Bat nahi ez, eta bi autopista elektriko ezarriko dizkiete, beraz.

Espainiako Gobernuko ordezkaritzetara administrazio baimena ukatzeko eskariak bidali dituzte udalek. Helegiteak aurkezteko epea luzatzeko, ingurumen-inpaktuaren deklarazioaren eskaeraren tramitazioa eteteko eta energia-plangintzari buruzko informazioa zabaltzea eskatu dute, uste baitute informazio publikora irekitako ingurumen-inpaktuaren azterketan "akats nabarmenak" daudela.

Proiektuek ez dute jasotzen azpiegiturek eragingo luketen kalte metatua, nahiz eta txostenak onartzen duen "lineen saturazioa" eragingo duela. Kaltea larria izatetik, kritikoa izatera igaroko da plataformaren ustez. Testuak, bestalde, "ebakuazio linea" izendatzen ditu autopista elektrikoak, eta hori lege iruzurra izan daitekeela uste dute kaltetuek.

Txostenak dio, hitzez hitz, "lehen aldiz, ebakuazio-lineak titulartasun pribatuko benetako garraio-ildo gisa konfiguratu nahi direla". Sektore elektrikoaren legea urratzen du horrek, salatu dutenez, lege horrek garraioko kudeatzaile bakarraren funtzioa Red Eléctrica de España enpresari ematen baitio, esklusibotasun-araubidean. "Lurraldearen gaineko galera-eskubide moduko bat berrezartzeko ahalegina da", zehaztu dute.

Larunbatean batzar irekia eginen dute Etxarri Aranatzen, egoerari erantzuteko estrategia zehazteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!