Udalen arteko desberdintasun ekonomikoak ezbatzeko akordioa lortu dute gobernuak, kideek eta EH Bilduk

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko urr. 26a, 09:33

Nafarroako Gobernuak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek; hau da, Navarra Suma ez beste parlamentuko talde guztiek, udalen finantzazio eredua aldatuko duen akordioa sinatu dute. Helburua udalen arteko desberdintasunak ezabatzea izan da. Iruñeak 1,7 milioi gutxiago jasoko ditu; baina Iruñerriko udalek, %14 milioi gehiago.

Iritsi da lehenengo akordioa, Nafarroako Gobernuaren eta hura barrutik eta kanpotik babesten duten taldeen artean. Datorren urtean udalek diru gehiago izango dute, eta, gainera, beste modu batera banatuko zaie dirua. 2022an udalek 272 milioi euro izango dituzte, aurten baino 16,4 milioi gehiago. Alderdiek konpromisoa hartu dute zenbatekoa hori urtero KPI + %2 igoko dela; eta, gainera, 30 milioi inbertituko ditu urtero gobernuak, Nafarroako herrietan zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko. 

Dirua banatzeko sistema berri bat egiteko eskatu diote NUPko aditu talde bati, eta adostukoaren arabera, biztanle kopurua, pobrezian bizi den herritar kopurua, 65 urtetik gorakoen kopurua, hirigintzaren azalera eta udal barruko herrien sakabanaketa kontuan hartuko ditu eredu berriak. 

Finantzaketa-eredu berria "bidezkoa, solidarioa eta nahikoa" da, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariaren esanetan, udalerri eta kontzejuentzat. Gobernu barruan, PSN pozik azaldu da emaitzarekin, baita Geroa Bai ere. Gobernutik at, "oso garrantzitsutzat" jo du akordioa EH Bilduk ere. 

Alderdi independentistaren ustez, aurreko sistemak udal batzuk zigortu ditu, eta hori konpontzeko bide bakarra eredua aldatzea zen. Gobernua eta EH Bildu aurrekontuen negoziazioan aurrera egiten ari direla nabarmendu du akordioa Adolfo Araizek. Gaur dute aldeek hurrengo bilera, eta badirudi horretan ere akordiotik gertu daudela.

Finantzaketa-eredu berria, zenbakitan

Eredu berri hori egungo finantzaketa-sistemak eragiten zituen lurralde-desberdintasunak zuzentzen hasiko da. Horren ondorioz, 1.000 biztanletik beherako Nafarroako 189 udalerriek 26,7 milioi euro jasoko dituzte datorren urtean finantzatzeko, egungo ekitaldian baino %15 gehiago; 1.001 eta 5.000 biztanle arteko 62 udalerriek, 58,2 milioi, 2021ean baino %9 gehiago; 5.001 eta 25.000 biztanle arteko 19 udalerriek, 72 milioi, gaur egun baino %13 gehiago.

Iruñea izanen da gutxiago jaso duenetako bat: 1,7 milioi gutxiago jasoko du (86 milioi orotara). Iruñeko Udalak jasotzen zituen 1,7 milioi euroak Eguesibarrek jasoko ditu, 6,2 milioi euro jasoko ditu (+1,5 milioi). 

Era berean, eskualdeko beste udalerri garrantzitsu batzuek finantzaketa handiagoa jasoko dute:

  • Arangurenek 2,53 milioi euro sartzetik 3,28 milioi euro jasotzera igaroko da (+750.000 euro)
  • Berriozarrek, 3 milioi eurotik 3,6 milioi eurora (+600.000 euro)
  • Zizur Nagusiak, 4,27 milioi eurotik 4,76 milioi eurora (+ 490.000 euro)
  • Noainek, 2 milioi eurotik 2,4 milioi eurora (+400.000 euro)
  • Berriobeiti, 1,6 milioitik 2 milioira (+400.000 euro)
  • Uharte, 1,74 milioitik 2,16 milioira (+400.000 euro)
  • Burlata, 6 milioitik 6,4 milioira (+400.000 euro).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!