Nafarroako jauregitik Aieteko palaziora begira

Juan Kruz Lakasta 2021ko urr. 19a, 08:02

Nafarroako Jauregia, artxiboko irudi batean.

Biktimen alorrean aurrerapauso handia izateaz gain, alderdi sozialistaren eta EH Bilduren arteko harremanen erabateko normalizaziorantz urrats garrantzitsua dakar Aieteko adierazpenak. Lerro artean, nabarmena da hori UPNk eta PSNk atzo karrikaraturiko balorazio oharretan.  

 

Adierazpen garrantzitsua egin du ezker independentistak Aieten. ETAren biktimek jasan duten sufrimenduagatik atsekabea eta mina adieraziz, hori inoiz ez zela gertatu behar aitortuz.

Enekoitz Esnaolak gaur Berriako bere artikulu gomendagarrian oroitarazten duen bezala, azken hamar urteotan bi aurrekari ditu Aieteko adierazpenak:

ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri eta lau hilabetera, ezker abertzaleak ETAren biktimekiko ordura arteko bere sentikortasunik eza aitortu zuen.

2018an, ETAk berak eragindako samin handia sentitzen zuela adierazi zuen, eta barkamena eskatu zien “gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten bere biktimei”.

Biktimen alorrean, ezker independentistak beste aurrerapausorik ez, orain arte.  

Horregatik, garrantzi ukaezina dauka Otegik eta Rodriguezek atzo zabalduriko mezuak, zenbaitzuek ukatu arren.

PPk nola, UPNk hala: adierazpena biktimei iseka egitea dela esan du Javier Esparzaren alderdiak ohar batean, Iturgaitz bezain karrankari. Behin eta berriz eskatzen dituzte aurrerapausoak, eta aurrerapausoak iristen direlarik, ukatu eta gaitzetsi egiten dituzte.

Garai batean ez bezala, jarrera horretatik urrun dabil egun alderdi sozialista. Demokrazian eta bizikidetzan aurrera egin dela nabarmendu du PSNk ohar baten bitartez.

Esan gabe doa horretaz gain PSOEren eta EH Bilduren arteko harremanak erabat normalizatzeko bidean aurrerapausoa ere badakarrela adierazpenak. Eta horrek egiturazko ondorioak dituela Nafarroa Garaiko politika instituzionalean. Zaildu, urrundu egiten du UPNk eta PSNk elkarrekin osaturiko gobernuen itzulera. UPNren zein PSNren oharretan, lerro artean, ederki suma daitekeenez.

Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok bihar ekitaldia dauka Gernikan. Eta pentsatzekoa da ezker independentistaren aurrerapausoari erantzuna emanen diola. Interesgarria izanen da, halaber, entzutea zer dioen Nafarroa Garaiko egungo lehendakari Maria Txibitek honetaz guztiaz. GAur MAdrilen emanen du eguna, Europako laguntza funtsen inguruko topaketa batean.

Biktimen alorrari dagokionez, PSNren agirian, oraindik bide luzea egiteko dagoela nabarmendu dute. Eta hala da, baina ez alde batean soilik. Atzoko beste albiste bat: Espainiako Gobernuak pentsioa dakarkion domina eman dio torturengatik kondenaturiko Espainiako Polizia Nazionaleko komisario Hector Moreno Garciari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!