Osagai nagusiak, agintarien hitzaldiak eta guardia zibilak galaz jantzita, Aritz Intxusta lankideak Garan idatzi duen moduan, 80ko hamarkadako bideojoko zaharkitu batean baleude bezala.
Nafarroako Gobernuak sarri jasoko ditu Trafiko Eskuduntzak. Esan gabe doa horrek ezinegona eragin duela guardia zibilen eta haien jarraitzaileen artean. Haiei mezu lasaigarria zuzendu nahi izan zien Espainiako Gobernuaren ordezkari Jose Luis Arastik, hitza hartu bezain pronto: “Nafarroan inor ez dago soberan”.
Baieztapen horren aitzinean, atzendu ezinezko hiru datu emanen ditugu: Zipre da Europa osoan polizia tasarik altuena duen herrialdea, 573 baititu 100.000 biztanleko. Nafarroa Garaian gehiago ditugu: 586. Eta Espainiako batez bestekoa 361ekoa da.
Gure foru erkidego honetan pairatzen dugun polizia kopuru itogarria anomalia bat da, kontrol sozialaren eta militarizazioaren ikuspegitik. Eta anomalia bat da, gastu publikoari dagokionez.
Arrazoi bakarra dago anomalia horri eusteko: atzo ospatu zuten hispanitatearen kontzepzioa. Zehazkiago adierazita, espainiar nazionalizmoak Guardia Zibila eta Polizia Nazionala Nafarroan (eta Hego Euskal Herri osoan) mantentzeari ematen dion garrantzi sinboliko itzela.
Nafarroan pistola eta pistoladun asko eta asko daude soberan. Eta badago, halaber, horretan xahutzen den dirutza publikoa gastu sozialetara bideratzeko premia.
Bada garaia hori ozen esatekoa eta eztabaida horri heltzekoa, debate demokratikoa isilarazteko Altsasukoa bezalako zirku mediatiko, politiko eta judizialik antolatu gabe.