Nafarroan 80.000 pertsona bizi dira pobrezia egoeran, Pobreziaren eta Bazterketaren Aurkako Sarearen datuen arabera.
Irudikatu itzazue Sadar harmailak mukuru beterik. Futbol zelai zaharberritu berriak 23.500 lagun har ditzake. Beraz, 3,5 Sadar bizi dira txirotasunean Nafarroa Garaian. Erraz esaten da.
Pandemiatik pertsona hobeak izaten atera behar genuen. Inor gibelean utzi gabe. Baina pandemia hasi zenetik Espainian (eta estatistika honi begira Hego Euskal Herria horren parte da) bi milioi pertsona gehiago bizi dira pobrezia larrian, Caritasek eman berri dituen datuen arabera. 85 Sadar bete jende utzi ditugu gibelean. Esatea ere kosta egiten da.
Pobreziarik ez balego bezala, denok aparretan biziko bagina bezala, pandemiaren ondotik jendea balkoidun etxebizitzak erosten ari dela irakurri dugu hainbat hedabidetan.
Pandemian balkoietako aldarrikapen nagusia izan zenaz informazio gutxiago topatu dugu, ordea. Osasun sistema publikoko langileei txalo egitera ateratzen ginen balkoietara.
Aurrekontuak negoziatzen ari diren honetan, ez atzentzea komeni. Ez hori, ezta datu hauek ere: Nafarroan, Barne Produktu Gordinaren %53 bideratzen dugu Osasun Sistema Publikora. Espainiako batez bestekoa 5,6koa da. Ipar Euskal Herrikoa, 9,1. Alemaniakoa, 9,9. Bikoitza, ia.
Egiazki inor gibelean utzi nahi badugu, egiazki zaintza erdigunean jarri nahi badugu, horiek guztiak presente eduki behar, aurrekontuak eta zerga politika eztabaidagai diren honetan.