Demode Produkzioak taldearen Kutsidazu bidea Ixabel obrak jaso du Espainiako Arte Eszenikoetako musika ikuskizunik onenaren Max saria. Atzo gauean egin zuten gala, Bilboko Arriaga antzokian. Antzoki horretan bertan estrainatu zuten Joxean Sagastizabalen nobela oinarritutako lana, 2020ko urrian. Gaur goizean, zuzenean zoriondu dute Metropoli Forala saioan.
Marrantaturik sumatzen zaitugu.
Egia esan ajeak jota gaude. Baina ez pentsa parranda handia egin dugunik, ordu batera dena itxita zegoen eta. Baina ospatu ospatu behar zen.
Poz handia hartu baituzue.
Oraindik ezin sinetsita gaude. Haluzitatuta. Beti itxaropena hor dago, baina oso zaila zen musika ikuskizun onenaren sarirako izendaturik zeuden beste bi konpainia handi horiekin lehiatzea, gainera euskarazko ikuskizun batekin.
Atzo, Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan, izendaturik egotea aski sari bazela esan zenuten.
Horregatik gaude horren pozik. Eta poz are handiagoa izan da Max saria Arriaga antzokian jasotzea, han bertan estreinatu genuelako gure musikala, hain justu duela urtebete. Oso ibilbide polita.
Duela bi urteko elkarrizketa batean esan zeniguten, off the record, Kutsidazu bidea, Ixabel musikala prestatzen ari zinetela. Sekulako arrakasta lortuko zenutela esan genizuen.
Horixe esan zenuten, eta bete egin da. Edo bete egin dugu. Egin egin behar baita.
Pandemia baten erdian, gainera.
Baldintzarik okerrenetan egin dugu aurrera. Entsaio batzuk on line egin behar izan genituen, zenbait kide konfinatuta zeudelako. Hiru aste eduki genituen dena muntatzeko. Oso zaila izan zen. Estreinatu genuenean harritu egin ginen denak ongi funtzionatu zuelako, aurreko egunera arte arazo latzak izan genituelako, besteak beste eszenografiaren zati bat apurtuta. Horrelakoa izan zen prozesua. Maratoi bat. Oso gogorra.