Gobernuko bazkideek erizaintzako LEPa aldatzeko eskatu dute, euskara diskriminatzen duelako

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 4a, 13:11

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz bozeramaile sozialista, artxiboko irudi batean.

“Erokeria politikotzat” eta “astakeriatzat” jo dute deialdiak eremu mistoan atzerriko hizkuntzak puntuatzea eta euskara, aldiz, baliorik gabe uztea

Nafarroako Gobernuko bazkideek Erizaintzako 424 lanpostu betetzeko hautaketa-prozesua zuzentzeko eskatu diote gaur foru exekutiboari, euskaldunak diskriminatzen dituela iritzita.

Oposizioa eremu mistoan kokatutako zerbitzu zentraletako lanpostuak betetzera zuzendua dago, eta atzerriko hizkuntzak meritu gisa puntuatzen ditu, baina ez, ordea, euskara.

Gobernuaren proposamena "erokeria politikotzat" jo du EH Bilduk, eta "astakeriatzat" Izquierda Ezkerrak.  Ildo horretatik jo du Geroa Baik berak ere, eta datorren osteguneko osoko bilkurara eramango du gaia, Javier Remirez presidenteorde eta Funtzio Publikoko arduradunari kontrol-galdera eginez.

"Egoera hau bideratzeko eskatu dugu. Hori zuzentzeko garaian gaudela uste dugu, hau ez baita Gobernuaren bisita-txartelik onena ", gaitzetsi du Uxue Barkosek. Antzeko argudioekin, Ahal Duguko bozeramaile Mikel Builek "birformulatzeko" eskatu du.


Jarrerak, ordea, urrun daude. "Gobernuak legea betetzen du", defendatu du Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak, eta gogorarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko legealdian onartutako dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu izanaren ondorio dela egungo egoera.

"Aurreko legegintzaldian ez balitz dekretua aldatu hizkuntza-errealitateari erreparatu gabe, ez ginateke horrela egongo. Orain dekretu berri bat onartu behar da ", adierazi du Alzorrizek.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaur bertan azaldu duenez, euskara ez da meritu gisa baloratzen 424 erizaintzako lanposturen LEPean, "euskararen foru dekretu berria izapidetzen ari delako eta, gainera, Justiziaren errekerimenduei erantzun behar zaielako".

Geroa Baik euskararen balorazioa barneratzeko lan-eskaintza publikoa birformulatzea eskatu duenez, Txibitek hedabideen aurrean adierazi duenez, "horrek zerikusia du euskararen foru dekretuarekin, une honetan barne tramitazioan baitago oraindik”.  

“Epaimahaiak egin zizkigun errekerimenduei erantzun behar diegu, eta, beraz, une honetan ez dago aplikazioan", gaineratu du foru lehendakariak.
Txibiteren arabera, "LEPa ez da dekretu batekin atera, une honetan berrikusten ari delako", eta "laster" onartuta egon daitekeela uste du, "baina oraingoz ez dago".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!