Ez da festarik egongo Atarrabian. Ez, behintzat, festa ofizialak. Aho batez hala erabaki zuen udalbatzak, EH-Bildu, Navarra Suma, Geroa Bai, PSN eta Ezkerrako zinegotzien aldeko 17 botoekin. Neurriak bihar kenduko dituzte, jaiak hasiko liratekeena baino egun bat lehenago. Egoerara egokitzeko astirik ez dutela zehaztu dio Euskalerria Irratiari Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak.
Neurrien kentzearekin, jendetza espero da, dena den, Atarrabian. Herritarrak bazkariak eta afariak antolatzen ari dira dagoeneko, eta udaletik ongi deritzote, baina arduratsu izatera dei egin dituzte herritarrak. Gertatu daitekeenari aurreratzeko, herria zaintzeko lanak abiatu ditu udalak.
Festa nagusietarako, beraz, berandu iritsi da Atarrabiara neurrien kentzea. Baina San Andres egunerako berreskuratuko ditu udalak ohiko jai jarduerak.
Festa "arduratsuak", Lekunberrin
Denbora gehiago eduki dute Lekunberrin, ordea, egoerara moldatzeko, 8an baitute lehenengo eguna. Asteartean bildu zen Lekunberriko jai batzordea erabakia hartzeko. Errazena ezer ez antolatzea litzatekeela uste du Gorka Azpiroz alkateak, baina udalak eta jaien antolatzaile diren taldeek esfortzua egin behar dutela erabaki dute, herritarren gogoa kontuan hartuta. Horretan ari dira lanean dagoeneko:
Jaiak urriaren 8tik 12ra izango dira. Datozen egunetan emango dutela ezagutzera programa, baina duela bi urtekoaren antzeko zerbait prestatzen ari dira.