Nafarroako haurrek noiz arte segituko dute neurri murriztaile gogorrak pairatzen?

Juan Kruz Lakasta 2021ko ira. 30a, 07:37

Euskalerria Irratiak Antsoaingo Ezkaba ikstetxean egindako irratsaio bat.

Ikastetxeetan neurri murriztaileei eta jardunaldi jarraituari eutsiko die Gimenok kontseilariak, sindikatuen eta guraso elkarteen iritziaren aurka.

Bihartik aurrera koronabirusaren aurkako neurri murriztaileak bertan behera utziko dituela iragarri du Maria Txibite lehendakariak. Guztiak? Ez.  

Nafarroako Gobernuak bere esku dauden eta helduei eragiten dieten neurri murriztaile guztiak indargabetuko ditu. Baina Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak adingabeei eragiten dietenei –hau da, ikastetxeetan indarrean direnei– eutsiko die.

Eta ikastetxeetako neurriok ez dira, preseski, gutxi edo laxak. Haurrek egunean zazpi edo zortzi orduz eraman behar izaten dute musukoa, patio zein gimnasia orduak barne. Bizikidetza unitateka –gelaka– isolaturik dauzkate, gainontzeko ikasleekin harremantzeko aukerarik gabe.

Neurri bakarra laxatu dute: Lehen Hezkuntzan positibo bat atzematen dutelarik, ez diete berrogeialdia aginduko gelako kide guztiei. Koronabirusa atzemateko frogak eginen dizkiete. Haur Hezkuntzan, baina, berrogeialdiekin segituko dute.

Halaber, Gimenok jardunaldi jarraituari urtarrilera arte eutsiko dio, horrek dakartzan arazo guztiekin: kontziliazio gatazkak familietan, langabezia jantokietako langileen artean, antolamendu arazoak ikastetxeetan.

Atzo irakasle sindikatuek jardunaldi jarraituarekin batera ezarririko eskolaz kanpoko jardueren aurka protesta egin zuten. Gimenok erantzun zien urtarrila baino lehen jardunaldi jarraitu derrigortua bertan behera uzteko beranduegi dela.

Guraso elkarteen plataforma guztiek, ordea, duela hilabete baino gehiago eskatu zioten ikastetxe bakoitza berak hautaturiko jardunaldi motara itzuli ahal izatea. Eta, denbora arazorik gabe ere, kontseilariak ezetz erantzun zien.

Kontseilariari zer pentsa eman beharko lioke Hezkuntza Komunitateko eragileak behin eta berriz bere erabakien aurka azaltzeak.

Eta guztioi zer pentsa eman beharko liguke helduok goizeko seiak arte parranda egiterik edukitzea, haurrek protokolo zorrotzekin segitzea.

Belaunaldien arteko neurriz kanpoko elkartasuna inposatzen ari gatzaizkie. Ezin baitaiteke atzendu koronabirusak haiei eragiten dizkiela osasun arazorik txikienak.

Zakurrak baino okerrago tratatzen ari gara.

Azken esaldia gogorregia dela?

Tira, ez atzendu konfinamendu garaian, zein atera zitekeen kalera eta zein ez.

Balirudike ahantzi egiten zaigula haiek ere pertsonak direla eta eskubideak dauzkatela.

Galdera batekin amaituko dugu: noiz arte segituko dute Nafarroako haurrek neurri murriztaile gogorrak pairatzen, eta zein ondorio edukiko du horien luzapenak haiengan?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!