Nafarroako Gobernua neurri murriztaileak laxatzeko aukera aztertzen ari da

Juan Kruz Lakasta 2021ko ira. 28a, 07:52

Maria Txibite lehendakaria eta Santos Indurain kontseilaria, artxiboko irudi batean.

Maria Txibite lehendakariak gaur goiz-eguerdian prentsaurrekoa eskain dezake.

Nafarroa pandemia egoeratik irtetear zela esan zuen joan den astean Osasun Publikoaren Institutuak. Iragarpen hori errealitate gero eta sendoago bihurtzen ari da egunetik egunera.

Atzo, 14 egunean pilaturiko intzidentzia 53ko kasukoa zen 100 mila biztanleko. Berrogeita hamarrean dago arrisku baxuaren langa. Eta kutsatu kopuruak behera egiten segitzen du. Atzo, 25 atzeman zituzten Nafarroa Garaian.

Joan den astean 145 positibo atzeman zituzten guztira. Daturik hoberena da 2020ko uztailaren 6ko astetik. Orduan, kutsatuak 107 izan ziren, lehen olatuaren aurkako konfinamendu zorrotzaren ondotik. Ezustekorik ezean, pandemia gibelean uzteko bidean gara.

Neurri murriztaileen amaiera hurbil legoke

Dirudienez, goizeko hamaiketan prentsaurrekoa eskainiko du Txibite lehendakariak. Zer esanen duen ikusteko dago. Ostalarien elkarteak barran kontsumitu ahal izatea sutsuki exijitzen ari zaizkio azken egunotan. Kultur eragileak ere edukieretan zein ordutegietan hobekuntzak aldarrikatzen ari dira.

Badirudi Nafarroako Gobernuak harago joateko asmoa duela. Bere esku dauden neurri murriztaile ia guztiak bertan behera uztekoa. Beraz, indarrean Espainiako Gobernuak aginduriko neurriak geratuko lirateke soilik, musukoaren erabilpenari buruzkoak hain zuzen ere.

Hala balitz, galdera litzateke ea zer gertatuko litzatekeen 12 urte baino gutxiagoko haurrekin, ikasleekin. Gogoratzekoa baita ikastetxeetan oraindik protokolo zorrotzak segitzen ari direla koronabirusaren aurka. Musukoaren erabilpena, desinfekzioa, taldekako banaketa…

Kexuen ponderazioaren beharra

Zeinen ozen entzun izan ditugun zenbait sektoreren kexuak. Konparaziora, ostalarienak. Ez krisia gordinki pairatu duten tabernetako langileena edo taberna bakarraren jabeena, baizik eta laguntzak eskatzeko tenorean galera bistakoak justifikatzeko arazoak eduki dituzten jabe handiena.

Zeinen apal entzuten ari garen, aldiz, beste sektore batzuenak. Arestian aipatu ditugun haur txikien egoeraren ingurukoak. Edo pandemiaren poderioz oso egoera prekarioan geratzen ari den osasun publikoarenak.

Pandemia gainditzen ari garen honetan, kexu karrankariak alde batera utzirik, ongi aztertu behar nola aurre egiten diogun sindemiak utziriko krisi sozial eta ekonomikoari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!