"Denok aldatu behar dugu zerbait gutxi batzuek dena aldatu behar ez dezaten”. Horixe da Euskalerria Irratian denboraldi berria iragartzeko aukeratu duen leloa. Zabaldu nahi den mezua, denboraldi berria aldaketa eta iraultza txikiz beterik datorrela FM 98.3ra, euskalerriairratia.eus-era. Dabilen harrian, goroldiorik ez.
Albistegiak, indarturik
Denboraldia astelehenean hasiko da, irailaren 27arekin. Goizean goizetik sumatuko dira aldaketak; izan ere, Lohizune Amatriak zuzenduko du aurrerantzean goizeko 8:30eko albistegia. Orain arte, arratsaldeko saioan ziharduen Amatriak. Eguerdikoan, 13:30eko Iruñerrian Gaur-en, gidaria Haritz Pascual izanen da.
Egoera epidemiologikoa hobera egiten ari den honetan, Euskalerria Irratiko albistegietatik arreta berezia eskaini nahi zaie pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioei. Horretan lagunduko duten analisten artean daude Edurne Egino, Nerea Fillat, Jon Abril eta Floren Aoiz.
Metropoli Forala, Iruñerriko eszenarekin bat
Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak astelehenetik ostiralera 9:00etatik 11:00etara gidatzen duten Metropoli Forala saioan ere hainbat aldaketa izanen da. Berrikuntzen artean, astelehenetako kirol solasaldian Mikel Idoaterekin batera Abel Barriola ariko dela pilotaz, edo ostiraletako kultur txokoan Ilaski Serrano eta Ainhoa Juaniz izanen direla.
Magazinaren bigarren orduan, sortzaileak protagonista nagusi. Horietako zenbait aipatze aldera, Chill Mafia, Ibil bedi, Tatxers taldeetako musikariak. Garazi Arrula editorea, Oier Zuñiga aktorea, Idoia Sobrino liburuzaina, Hach Enbarek Irizar kazetaria.
Irrintzi Plazan, fitxaketa berria
Arratsaldero 16:00etatik 18:00etara entzungai den Irrintzi Plaza saioan denboraldiko berrikuntzarik handienetako bat izan da: Reyes Ilintxetarekin batera Iosu Ganuzak gidatuko du saioa. Ganuzak orain arte Osasunaren futbol partiden kontakizuna egin izan du, Eñaut Agirrebengoarekin batera. Zeregin horri eutsiko dio, baina horretaz gain arratsaldeko saioan parte hartuko du.
Betaurreko berde eta moreak jantzita segituko du arratsaldeko saioak, horretarako Miren Mindegia, Bakarne Atxukarro eta Geltoki lagun dituela. Halaber, sukaldaritzari tartea eginen dio Edorta Salvadorrekin eta Katakrakeko kantinako lagunekin, ohiko kolaboratzaile eta gaiak ahantzi gabe: atzerriko berriemaileak, iritzi emaileak, zinema, literatura, musika eta beste asko.
Urriaren 18an, itzulera
Euskalerria Irratiak Donibane auzoko Irrintzi Dorrean du egoitza. Eraikina birgaitu dute azken hilabeteotan. Eta lan horien karietara, estudioak eta erredakzioa Amaia karrikara eraman behar izan ditu Euskalerria Irratiak denbora luzez. Irratiko esatariak urriaren 18an itzuliko dira Zabalguneko deserri komunikatibo horretatik Donibanera.
Irrintzi Dorreko estudioetan hainbat hobekuntza egin dira hilabete hauetan. Lur berria jarri da, ormak margotu dira eta, batez ere, hobekuntza teknikoak egin dira, bi xede nagusirekin: FMko zein interneteko emisioen kalitatea eta egonkortasuna hobetzea, eta eduki digitalen ekoizpena hobetzea.
Webgunea eta sare sozialak, jo puntuan
Dante sistema digitala ezarri da irratiko bi estudioetan, eta audioa kudeatzeko software berri bat estudioetan ez ezik erredaktoreen ordenagailu guztietan: WinMedia.
Besteak beste, horri esker erredaktore bakoitzak bere lanpostuko ordenagailutik editatu eta sareratu ahal izanen ditu edukiak, emititu bezain pronto. Modu horretan eduki gehiago eta hobeak webguneratu eta sareratuko dira.
Ordutegi aldaketa albistegietan
Goizeko albistegien eskema ere aldatuko da. Orain arte bakarra egiten zen, 8:30etik 9:00etara. Irrintzi Dorrera itzuli eta gero, epe motzean, hamar minutuko hiru eginen dira, 7:50ean, 8:20ean eta 8:50ean bana. Aldaketaren helburua da goizeko prime-time horretan entzule gehiagorengana helarazi ahal izatea tokiko informazioa, Iruñerriko euskaldun gehiagori eskaini ahal izatea zerbitzua.