Zer esan nahi du pandemia bukatutzat eman duela Osasun Publikoak?

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 23a, 09:43

Joan den astean %49 jeitsi ziren atzemandako kasuak. Azken egunean 18 kasu positibo atzeman dituzte. Infekzioak "epidemia-atalasearen azpitik" erori direla ondorioztatu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak.

Covid-19aren "zirkulazio epidemikoa" bukatu da. Hala jaso du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak azken txosten epidemiologikoan. Hamalau hilabeteren ondoren, infekzioak "epidemia-atalasearen azpikoak" direla dio. "Ustekabeko faktore berriak" agertu ezean, "Nafarroako egoera pandemikoaren amaieraren aurrean" egon gaitezkeela dio.

Marian Ruiz, osasun publikoko zuzendariak zehaztu du, dena den, Covid-19a ez dela amaitu. Orain, gripearen antzerako jokamoldea edo hedapena izan dezake: "Ziurrenik modu endemikoan edo urte-sasoiko epidemietan zirkulatzen duten infekzioen zerrendan sartuko da". Beraz kontrol neurri zenbait beharrezkoak izanen direla uste dute, normaltasuna berreskuratze bidean. 

Txostenak ez du baztertzen COVID-19ak olatuak eragin ditzakeela udazkenean edo neguan, baina, ziurrenik, gero eta eragin txikiagoa izango dute osasunean, txertoen estaldura handiagatik eta biztanleek beste prebentzio-neurri batzuk aplikatzeagatik.

Osasun Publikoko institutuak dio behar bezala txertatutako pertsonen kasuan, COVID-19aren ondoriozko arriskua ez da beste gaixotasun arrunt batzuena  baino handiagoa. Aitzitik, txertoa hartu ez duten helduek 10 aldiz arrisku handiagoa dute gaixotasunaren forma larriak izateko infektatzen badira, eta denbora igaro eta prebentzio-neurriak lasaitu ahala, infekzioa har dezakete deskuiduan.

Delta aldaera kasuen %99ren erantzulea da, baina "gero eta txikiagoa den intzidentziak Nafarroan hedatzeko gaitasuna agortzen ari dela adierazten du, eta orain arte ez da horren ordezko beste aldaerarik sortu".

Gaitz epidemikoa eskualde oso bateko edo lur eremu zabal bateko ia biztanle guztiei eragiten dienean izendatzen da egoera pandemiatzat. Epidemiak, berriz, gaixotasun kutsakor baten bat-bateko indartzeari egiten dio erreferentzia, aldi berean populazioaren zati handi bati, eta eremu zabal batean, erasotzen diona. Endemia ez bezala, akutua eta ustekabekoa da. 

18 kasu, azken orduetan

Azken egunean 18 koronabirus kasu atzeman dira Nafarroa osoan egindako PCR eta antigenoen testetan. Astebete da zenbatekoa 30 kasuen langa azpitik dagoela, duela urtebete eta bi hilabeteko eszena berean gaude. Garai horretan, itxialdi zorrotz eta gogorretik irtendako egoera bizi zen, ez zegoen birusa zirkulazioan apenas. Orain bestelakoa da eszenatokia: denak kalean, eskoletan eta lanean; baina ia ia denak txertatuta. Pasa den astean baino 32 kasu gutxiago dira gaurkoak, duela bi aste baino 62 gutxiago. 

Hala eta guztiz ere, oraindik koronabirusa bere alderik ilunena agerian uzten ari da. Azken bi egunetan bost pertsona zendu dira gaitzarekin, eta 46 pertsona daude ingresatuta, horietatik 13 zainketa intentsiboetako unitatean.

Egungo neurriak, urrira arte

Zuhurtziaz arindu nahi ditu Nafarroako Gobernuak neurriak. Maria Txibite presidenteak adierazi duenen, tentuz ibiliko diren arren helburua normaltasuna itzultzea da. Duela aste bat malgutu ziren azken neurriak. Gaueko aisialdirako ordutegiak zabaldu zituzten eta etxabeak ireki. Neurri horien eragina neurtu nahi du gobernuak hurrengo urratsa eman aurretik; beraz, asteburu hoentako ez sanfermin txikiak, oraindik ere, neurri zorrotzen pean gauzatuko dira. Aldaketak urrian indarrean sartuko den foru agindu berrian zehaztuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!