Emakumeek "nabarmenki" beranduago eskatzen dute adikzioengatik laguntza

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 17a, 09:24

Adikzioekin arazoa duten 408 pertsona lagundu ditu azken urtean Gizakia Helburu fundazioak. Konfinamendua bitartean tratamendua jasotzen jarraitu zuten arren, behera egin du artatutakoen kopuruak. Hau da helduen arteko adikzioen argazkia:

Gizonezkoa eta 39 urtekoa. Hori da Gizakia Helburu fundazioaren profil nagusia. Hamarretik zortzi dira gizonezkoak eta bi emakumezkoak. Baina, kasu bereizita aztertu behar direlako kasuak: emakumezkoen bataz besteko adina ia 45 urtekoa da, nabarmenki beranduago jotzen dute laguntza eskatzera, eta horrek zaurgarriago egiten ditu.

Kokainarekin arazoa dutelako jotzen dute gizonezkoek fundaziora, eta emakumezkoek alkohola dutelako adikzio. Baina honetan ere ñabardura bi egin behar dira. Batetik, arazo batengatik jotzen dute laguntza eskatzera, baina behin haien egoera aztertuta adikzio gehiago azaltzen dira. Bestalde, genero ikuspegia txertatuz, fundazioko kideek atzeman dute adikzio etxekoiagoak dituztela emakumezkoak, sustantziak legalak izan ohi dira. Esaterako, emakumezkoen kasuan alkoholarekin batera psikofarmakoak ageri dira gehienetan.

Adikzioen bilakaerari egokitzen saiatzen ari dira fundazioan. Hala, azken urteetan jokoa gero eta gorago agertzen ari da. Normalean online jokoekin hasten da adikzioa, baina joko aretoetara jauzi egitean iristen dira arazorik handienak.

Aipatutako egoeretatik irteten laguntzeko, bi baliabide eskaintzen ditu fundazioak, komunitate terapeutikoa, Lizarran eta Aldatu arreta zentroa, Iruñean. Nafarroako Gobernuarekin lau urtero hitzarmena sinatzen dute, eta hori da diru iturri nagusiena; baina, ekonomiaren bilakaera egokitzea nahi dute eta hori eskatzeko negoziazioak abiatuko dituzte aurki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!