Kafea gaizki egiteagatik zerbitzaria atxilotu zuen guardia zibilaren kondena baliogabetu dute

Juan Kruz Lakasta 2021ko ira. 17a, 07:55

Iruñeko Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean.
  • Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak dio sententziako delitua eta akusaziokoak ez direla homogeneoak, eta hartara ebazpena errepikatu behar dela. 
  • Legardako A12ko zerbitzuguneko zerbitzaria Garesko kasernara eraman eta hiru orduz eduki zuten atxiloturik. 
  • Europan Zipre da polizia tasarik altueneko Estatua: 573 dituzte 100.000 biztanleko. Nafarroan 586 dauzkagu.

Auzipeturiko guardia zibilari enplegua eta soldata sei hilabetez etetea ebatzi zuen auzitegiko lehen atalak, baita guardia zibilak zerbitzariari 3.000 mila euro ordaindu behar izatea ere.  

Orain, baina, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpen hori baliogabetzea erabaki du. Horretarako darabilten argudioa, sententzian aipatzen diren delituak eta akusazioan aipatzen zena ez direla homogeneoak, ez direla izaera berekoak.

Legez kontrako atxiloketarik ez

Akusazioan, Legez kontrako atxiloketa egozten zioten guardia zibilari bai akusazioak bai fiskaltzak. Eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen zuten horren kontura.

Sententzian, Lehen Ataleko epaileek ebatzi zuten guardia zibila ez zela delitu horren errudun. Zigorra arduragabekeria larriagatik eta askatasunaren aurkako delituagatik ezarri zioten.

Orain, Justizia Auzitegi Nagusiak dio akusazioak eta fiskaltzak ez ziotenez delitu horiek leporatzen, ezin dutela horregatik zigortu, horrek auzipetuaren defentsa eskubidea urratzen duelako. 

Legardako kafea ez zitzaion gustatu

Gertakariak 2019ko abuztuaren 27koak dira, eta entzule askok gogoan izanen dituzte, besteak beste, mikrofonootan azaldu genituelako.

Ebazpenean frogatutzat ematen dutenez, gaueko txanda hasi berritan, akusaturiko guardia zibila, kide batekin batera, A-12 autobideko Legardako zerbitzugunean sartu zen, eta kafe huts luzea eskatu zuen, izotzekin.

Guardia zibilari ez zitzaion gustatu. Eta erreklamazio orria eskatu zuen. Zerbitzaria barratik atera zen esanez ez zela kikilduko.

Bezeroekin tentsioa sortzen ari zela argudiaturik eta desobedientzia larria egotzirik, guardia zibilak zerbitzaria atxiloturik eraman zuen Garesko kasernara, gaueko hamaikak laurden gutxitan. Goizaldeko ordu bietan utzi zuten aske.

Zigorgabekeria

Justizia Auzitegi Nagusiak probak berriz baloratzea eta beste ebazpen bat egitea agindu dio Lehen Atalari.

Zuzenbidean aditu izan gabe, aintzat hartuz lehen ebazpenean Lehen Aretoak ebatzi zuela ez zela legez kanpoko atxiloketarik izan, eta Auzitegi Nagusiak beste delituengatik zigortzeko bidea itxi duela, oso litekeena iruditzen zaigu guardia zibila aske geratzea, batere zigorrik gabe.

Eta hori ez ote litzatekeen zigorgabekeria. Eta horrek ez ote lukeen bizikidetza larriki zailduko.

Anekdota kategoria bihurtzen dugula esan lezake irakurleren batek..

Esan gabe doa Altsasuko auzia dugula gogoan, eta hartan epaileek izan zuten jokaera eta honen arteko kontraste latza.

Esan gabe doa ez zaigula atzentzen Sakanan ez ezik Leitzaldean bizi duten kontrol sozial itogarria.

Esan gabe doa oso gogoan dugula Zipre Europako polizia tasarik altueneko estatua izanda, Nafarroa haren gainetik dagoela. Han 573 polizia dituzte 100.000 biztanleko. Hemen, 586 ditugu.

Pistoladun asko, gehiegi, bizikidetza zibilizaturako. Are gehiago, baldin badakite zigorgabekeriaz joka dezaketela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!