UGTek ez du Volkswagenen enplegu galera baztertu

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 16a, 09:12

Lantegian gehiengoa duen sindikatuak lasaitasuna eskatu du. Industria arduraduna den Lorenzo Riosen esanetan, bermatua dago landabenen kotxe elektrikoa ekoitziko dela; baina, moldaketa teknologikoak aldaketak eragingo ditu. Enpleguaren %30 galdu daiteke.

Landabengo Volkswagen edo Martorelleko Seat? Non ekoitziko dira auto elektrikoak? Azken egunetako zalantza nagusiena da hori.

Uda hasieran, multinazionalak baieztatu zuen, Nafarroako plantan kotxe elektriko txiki bat ekoiztuko zela. Volkswagenek, gasolinazko ibilgailuetatik elektrikoetarako trantsizioa azkartu nahi du, eta 2030erako aurreikusia zuena, datozen hiru urteetan egin nahi du. Albistea pozgarria izan zen bere unean, baina laster iritsi dira kezkak.

Joan den astean Volkswagengo enpresa batzordeko presidenteak azaldu zuenez, multinazionalak Nafarroarako aurreikusiak dituen ekoizpen zifrak oso baxuak dira; eta horrek enplegu galera handia suposatuko du Landabengo lantokian.

UGT sindikatuak, lantegian gehiengoa duen sindikatuak, ordea, lasaitasuna eskatu du. Industria arduraduna den Lorenzo Riosen esanetan, bermatua dago, landabenen kotxe elektrikoa ekoitziko dela. Baina, 2023an eta 2024ean moldaketa teknologikoa egin beharko du lantokiak horretarako eta horrek aldaketak eragingo ditu. 

Moldaketa teknologikoa egin bitartean, enplegu galera egonen da, azaldu du UGTko arduradunak, 500 lanpostutik gorakoa. Ondoren, ekoizpen zifrek markatuko dute enpleguaren berreskurapena dagoen ala ez. Kotxe elektriko bat sortzeak, egungo ibilgailuak ekoiztea baino lan gutxiago dakar; eta, ondorioz, enpleguaren %30 galdu daitekeela ere azaldu dute UGTko kideek. Horri aurre egiteko, lan zama handia izatea espero dute sindikatutik.

Moldaketa egin eta gero, "baliteke" enplegua berriz berreskuratzea, nahiz eta momentu txarrak ere izanen direla aitortu duen Lorenzo Riosek. Fedean du itxaropena sindikatuak. Eta, bitartean, ohartarazi du Martorellenen albisteak onak badira, poztuko dela UGT sindikatua.

Testuinguru berdinetik, Espainiakotik, hitz egin du Nafarroako Gobernuak. Enpresak etorkizun itxaropentsua duela ziurtatu du Javier Remirez presidente ordeak, eta exekutiboak pribatuan eta publikoki egindako lana goraipatu du. Datorren astean VWeko zuzendaritzarekin eta Espainiako gobernuarekin bilduko da gobernua gaia lantzeko.

Epe ertainean, zalantzak nagusi. Epe motzean, beltz.

Mundu mailan pieza falta gero eta orokorragoa da, eta Landabenen beste behin itxiko dute planta. Datorren astean ostegunean baino ez dute lan eginen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!