AHTaren geltokia Etxabakoitzen egitea adostu dute

Juan Kruz Lakasta 2021ko ira. 16a, 07:49

Abiadura HAndiko Trenaren Erriberriko lanak, artxiboko irudi batean.
  • Nafarroako Gobernuak eta Adifek proiektutik at utzi dute 9.000 mila etxebizitza egiteko udalez gaindiko plan sektoriala (PSISa).
  • Oraindik argitzeko dago nola lotuko duten Nafarroako AHTaren zatia Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta Zaragozarekin.
  • Nafarroako Abiadura Handiko Trena bultzatzen ari dira hain zuzen ere auto elektrikoaren ekoizpenaren zatirik handiena Martorellera hurbiltzen eta Landabendik aldentzen ari delarik.  

Abiadura Handiko Trena abiada hartzen ari da Nafarroan azken egunotan. Aspaldidanik proiektua nahikoa geldirik zegoen, baina herenegun Maria Txibite lehendakariak iragarri zuen Espainiako Gobernuak Europako Next Generation funtsetako 145 milioi euro bideratuko dituela Foru Erkidegoko tarteko lanetara.

Eta atzo beste aurrerapauso bat iritsi zen: AHTaren geltokia Etxabakoitzen egitea adostu dute Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Garraio Ministerioak.

Hogei urteren buruan, akordioa lotu dute. Abiadura Handiko Trenaren geltokia Etxabakoitzen egitea adostu dute, eta proiektutik at uztea 9.000 mila etxebizitza egiteko udalez gaindiko plan sektoriala (PSISa).

Hogei urte zalantzatan

2003an, UPNren gobernuak lotu zituen bi ekimenok, adreiluarekin trenbideak ordaindu ahal izanen zituelakoan, Iruñeko, Barañaingo eta Zizurko hainbat kilometro koadrori eraginen zien operazio urbanistikoaren bitartez.

Bilera atzo egin zuten Madrilen, besteak beste, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Zirizak eta Adifeko buru Maria Luisa Dominguezek.

Kontseilaria Foru Gobernuaren izenean aritu bazen ere, ezin atzendu koalizio exekutiboaren barruan PSN eta Geroa Bai AHTren alde daudela, baina Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra kontra, eta gobernua kanpotik sustengatzen duen EH Bildu ere aurka dagoela.

Ziriza kontseilariaren hitzetan, atzoko akordioa “aurrerapauso handia da Abiadura Handiko Trena Nafarroara irits dadin”, eta “geltokia ekonomikoki zein ingurumenari dagokionez jasangarria izanen da”.

Etxabakoitz ez da askatu beharreko lokarri bakarra

Atzo Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako lokarrietako bat askatu zuten. Baina badira gehiago. Besteak beste, oraindik ez baitute argitu nola lotuko duten Euskal Autonomia Erkidegoarekin, ezta Zaragozarekin ere.

Espainiako Gobernuak dio bere bizkar hartuko duela Castejon eta Iruñea arteko ibilbidea, eta datorren urtean Next Generation funtsetako 105 milioi bideratuko dituela Tafalla eta Arrizabalaga arteko tartera. Baina esan gabe doa askoz diru gehiago beharko dela ibilbide nafar osoa finantzatzeko.  

Foru Erkidegoan orain arte amaitu duten tarte bakarra Alesbes eta Castejon artekoa da. Erriberri eta Azkoienen artekoa oso aurreraturik dute. Gainontzean, deus ere ez.

Auto elektrikoa urruntzearen kalte ordaina ote

Galdera da ea zergatik iritsi den orain bultzada hau. Ez dakigu kausa efektu harremana dagoen, baina badakigu hurrenkera tenporal bat badagoela: Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren bultzada iritsi da auto elektrikoa Martorellera urruntzen hasi eta berehala, Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen arteko negoziazio mahaiaren ingurumarian.

Auto elektrikoaren ekoizpenaren zatirik handiena Katalunia aldera joatea kolpe latza izanen litzateke Nafarroaren ekonomiarentzat, eta Txibite lehendakariaren kreditu politikoarentzat. Abiadura Handiko Trenaren bultzada ez ote den kalte ordaina.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!