Asteazkenean hasiko da 2021-2022 ikasturtea

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 6a, 10:45

Covid-19aren aurkako neurriek baldintzatutako bigarren ikasturtea asteazkenean hasiko da. Aurreikuspenen arabera, 3 eta 18 urte bitarteko 105.000 ikasle itzuliko dira ikasgeletara; horietatik 3 urteko 5.300 ikaslek lehen aldiz eginen dute.

Aurreko ikasturtearekin alderatuta, Hezkuntza Departamentua lantzen ari den protokoloak ez du aldaketa nabarmenik aurreikusten. Eskola jardunaldiaren afera da zalantza gehien piztu dituena 2021-2022 ikasturteari begira. Lehen hilabetean ordutegi jarraitua izango dute ikasleek, eta handik aurrera, agertokiz aldatzeko aukera emango duten bi une izango dira: bata urriaren lehen hamabostaldikoa eta bestea gabon ostekoa. Bigarren horretatik aurrera, zentro bakoitza COVID-19aren aurretik zuen jardunaldira itzultzeko aukera egongo da, betiere egoera epidemiologikoak ahalbidetzen badu.

Jardunaldi jarraitua mantentzearen alde mintzatu da Nafarroako Gobernua hasieratik. Gaur agerraldia eginen du Carlos Gimenok, eta pentsatzekoa da orain arte esandakoari eutsiko diola hezkuntza kontseilariak

Sindikatu gehienek kritikatu dute erabakia.LAB sindikatuaren iritziz "zurrunegia" da protokoloa, eta ez ditu ikasle eta langileen beharrak erdigunean jartzen. Sortzeko modua desegokia izan da sindikatu abertzalearentzat. 

STEILAS irakaskuntza sindikatuarentzat, bestalde, aurrez aurreko ereduari eusteko apustua egitea “positiboa” da; ordea, ez daude ados ikasturterako agertoki bat baino gehiago aurreikustearekin. 

Protokoloa

Asteazken eta ostirala bitartean itzuliko dira ikasleak ikasgeletara. Hortik aurrera, eskolara sartzeko unea ezin izango da 09:00ak baino lehen izan, ezta irteera 14:00ak baino beranduago ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan. Bigarren Hezkuntzan, 08:00etatik 15:00etara osatuko da jardunaldia.

Sarrerak eta irteerak hainbat tokitatik egin beharko dira, ahal denean irakasleek kontrolatuta. Ateak irekita egon beharko dira eta pertsonen arteko segurtasun distantzia bete beharko da.

Maskara derrigorrezkoa izango da 6 urtetik aurrera. Haur Hezkuntzako ikasleek (3-6 urte) ez dute erabili beharko ikasgeletan, jolastokian eta horretarako bidean, baldin eta bizikidetza egonkorreko taldeen bereizketa bermatzen bada.

Ikasgelan, bakoitzak mahai bat izango du. Aurreko ikasturteko ratioak mantenduko dira: 20 ikasle gela bakoitzean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta 30, berriz, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Bakoitzak mahai bera izango du beti, eta ikasgela egunaren hasieran eta amaieran eta klaseen artean aireztatu beharko da, gutxienez.

Bazkaria aire zabalean hartuko da. Barruan hartzea beste aukerarik ez dagoenean, leihoak ireki beharko dira espazioa aireztatzeko.

Jolas orduan kontaktu jolasak baimenduko dira. Osasun agintariek onartzen badute, intzidentziaren arabera, ikasturte bereko taldeen arteko elkarrekintza onartuko da, batez ere aire zabaleko jardueretan.

Jantokian, haurrak txandaka sartuko dira, bereizita egongo dira, eta ibilbidea seinaleztatuta egongo da. Horretarako tarterik ez dagoenean, gelan bazkalduko da, helduen ikuskapenarekin.

Positibo bat izanez gero, protokoloa berdina izango da: gelan kutsatu bat dagoenean, haur guztiek etxean isolatuta egon beharko dute; PCR proba egin beharko dute, eta beste bat hamar egunera. Batxillergoane ta lanbide hezkuntzan izan ezik, maila horietan txertatuta dauden ikasleek ez dute konfinamendurik bete beharko. 12 eta 19 urte arteko gazteekn ehuneko 40k jaso du txertoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!