Bardeetan suak ez du etenik. Atzo goizean Bardeetako Eguarasko barrutian sua piztuta zegoela jakinarazi zuten suhiltzaileek, baina 24 ordu pasata sutea ez dago erabat itzalita. Balio ekologiko handiko eremu horren erdia, gutxi gora behera, dago kiskalita: 700 hektarea inguru.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du suteak gehiago eragiten diola lurzoruari zuhaiztiari baino. Ingurumenari eragin dion kaltea oso handia dela adierazi du exekutiboak. Hala ere, zehaztu du eguneko lehen argiek erakutsi dutela kaltea ez dela uste bezain larria izan.
Suhiltzaileak dabiltza bertan lan eta lan, oinez, kamioiekin, helikoptero eta hidrohegazkinen laguntzarekin, lehen bai lehen udako lehendabiziko sute garrantzitsua kontrolatzeko asmoz. Egun hauetako tenperatura altuek ez dute laguntzen eta momentuz ez da euri aurreikuspenik.
Tuterako, Azkoiengo, Tafallako, Lizarrako, Zangozako eta Cordovillako suhiltzaileak, BHIFeko kideak eta Nafarroako Gobernuko basozainak daude lanean bertan, bai eta Tuterako Gurutze Gorriko eta Babes Zibileko boluntarioak ere, laguntza logistikoko lanak egiten.
Nafarroako Gobernuko basozainak jarraipena egiten ari dira unez une Twitter bidez:
#IFValtierra #VedadodeEguaras
— Guarderío de Medio Ambiente/ Basozainak (@Guarderio_Na) July 21, 2021
Video de la panorámica de la RN.19:15 h. pic.twitter.com/hnFif3vVJn
Sua itzaltzeko dispositiboaren arduradunek traktoreak ekartzeko eskatu diete inguruko nekazariei, freskagarri eta erremate lanetan laguntzeko. Lurraren lehortasunak eta tenperatura altuak zaildu egiten dute suaren kontrola, eta, ondorioz, etengabeko berragerpenak sortzen dira suhiltzaileek eten behar dituzten hainbat lekutan.
Asteartean, 20:17ak aldera, SOS Nafarroan jasotako dei batek zereal zelai batean sute bat piztu zela ohartarazi zuen. Suak indar handia hartu zuen azkar, eta zuhaitzetara iritsi zen. Ondorioz, hasiera batean Tuterako, Azkoiengo eta Tafallako suhiltzaileak, bi BHIF helikoptero eta Noaingo aireportuan basea zuen Azor hegazkina bidali zituzten.