Euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatu dute gobernuaren hizkuntz politikak kaltetutakoek

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 24a, 12:46

Castejongo, Leitzako eta Iruñerriko gurasoak eta lanbide hezikatako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak elkartu dituzte ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Euskaraz ikasi nahi dute, baina gobernuak "euskarazko ikasteak baztertu" eta, gainera, "zama gero eta astunagoa" ezartzen diela salatu dute. 

Akordio programatikoaren betetze mailaren inguruan Carlos Gimeno hizkuntza kontseilariak aurreko astean emandako prentsaurrekoa propaganda hutsa izan da sindikatuen ustez. Euskarazko eskaintza bermatuta dagoela esan zuen Gimenok, eta hori hala ez dela erakustera atera dira gaur kalera. 

Adibideak asko: Pirinioetako, Tafallaldeko eta Zangotzaldeko D ereduko ikasleek jasaten duten bazterketa bikoitza, Beriaingo ikasleei autobus zerbitzua kentzea, Castejonen PAI programatik irteteko trabak... Ez da arazo bakarra herri horretan, gainera. D ereduko ikasleek entzumeko eta mintzairako espezialista bat behar dute, baina hezkuntzak ez die esleitu.

Iruñerrian, berriz, udal askotako haur eskoletan euskaraz ikastea oraindik ezinezkoa dela salatu du Ainhoa Ayaga gurasoak. Leitzan, aldiz, D ereduko ikasleak derrigortuta daude astero lau ikas saio gehiago egitera, jantokia zerbitzua kendu ostean. 

Baina gurasoak bakarrik ez, ikasleak ere kexu dira. Lanbide hezketako ikaslea da Gaizka Araña eta ingelesa euskararen gainetik bultzatzen ari direla salatu du. Antzera gertatzen da NUPen ere. Ikasle euskaldunen kopurua urtez urtez handitzen ari den arren, gradu bakarra eskaintzen dute euskaraz. 

Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikak kaltetutako eragile guztiak bildu nahi izan dituzte ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Penagarritzat jo dute egoera, eta egungo koalizio gobernuan halakorik espero ez zuela aitortu dute: "Bazirudien Geroa Bairekin eta Ahal Dugurekin koalizio gobernuko kide izateak zer edo zer goxatuko zuela bere sena glotofobikoa, baina berehala jakin zen horrelakorik ez zela gertatuko akordio programatikoaren hezkuntzari buruzko atalean". 

Hizkuntza eskubideak errespetatu daitezela eskatzeko kalera ateratzera dei egin dute elkarretaratzearen deitzaile guztiek, nabarmenduz euskararen dekretu berriak hizkuntz eskubideen bazterketari babes legala ezarriko diola.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!