Nafarroako Museoak bi liburu argitaratu ditu 65. urteurrena ospatzeko

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 24a, 10:04
Rebeca Esnaola kontseilaria, museoko arduradunak eta argitalpenen egileak, gaurko agerraldian.

Silvia Lizarragak eta Itziar Rubiok haurrentzako liburu bat sortu dute, Nafarroako Museoko enigma, eta Oskar Alegriak museoaren anti-gida bat, Zatikaria.

Nafarroako Museoak 65. urteurrena ospatzeko bi liburu argitaratu ditu: haurrentzako liburu bat, Silvia Lizarragak eta Itziar Rubiok sortutako Nafarroako Museoko enigma izenekoa, eta helduei zuzendutako beste bat, Oskar Alegriaren Zatikaria. Bi argitalpen horiekin "ahalik eta publiko zabalenera" iritsi nahi dute.

Bi lanek museoaren eraikina dute ardatz, 1956ko ekainaren 24an, San Joan egunean ateak ireki zituena, orduan Miserikordiako Andre Mariaren Ospitale zaharra zenaren egoitzan. Jose Yarnos Larrosa vianako Printzea erakundeko arkitektoak egokitu zuen eraikina, museoa izan zedin. 

Museoaren ibilbidea Joaquín María de Navascuesen zuzendaritzapean hasi zen, garai hartan Arkeologia Museo Nazionaleko zuzendaria zena, museo arkeologikoen ikuskatzaile nagusia eta Madrilgo Unibertsitate Zentraleko katedraduna. Hasieran, instalazioek hiru solairu zituzten, 22 aretotan banatuta.

1987an itxi egin zuten tarte batez, eta 1990eko urtarrilaren 26an, hiru urtez birmoldaketa lanak egin ondoren, berriz ireki zuten, itxura funtzional eta modernoarekin. Jordi Garces Bruses eta Enric Soria Badia arkitekto katalanek zuzendu zuten proiektua. Erreforma horri erantzuten dio egungo irudiak. 

1997an, ospitale zaharreko elizan areto berri bat ireki zuen, Iruñean kontserbatzen den XVI. mendeko tenplu bakarra, arte sakratu multzo handi bat testuinguruan jarrita erakusten zuena. Nafarroako Museora sartzeko erabiltzen den portada errenazentistarekin batera, kapera da XVI. mendeko ospitalean kontserbatu den aztarna bakarra.

2011ko apirilean, oztopo arkitektonikoak kentzeko prozesu baten ondoren, Historiaurreko eta Burdin Aroko Areto berria aurkeztu zuten, Nafarroan azken hogei urteetan gertatu ziren aurkikuntza arkeologikoen emaitzak erakutsiz.

2019ko urtarrilaren 31n, berriz, museoak erakusketa iraunkorra berritu zuen, obrak museoaren barruan aurkezteko modua aldatzeko asmo handiko plan baten barruan, garai eta estiloen araberako banaketa tradizionaletik aldenduta, eta bereziki azpimarratuz ekoizpen garaikidea eta bisitariaren eta obraren arteko harremana.

Diskurtso edo estrategia berria Arte guztia garaikidea da leloarekin laburbildutakoa, sortu dute "artea hizkuntza bat dela sinestetik"; "komunikazio sistema bat, zeinaren bidez pertsonek beti adierazi duten beren zatirik sakonena eta gai desberdinak jasotzen dituzten, eta horien azpian artista eta estilo ezberdinetako lanak biltzen diren", azaldu dute museotik. Horregatik, irizpide estilistikoa eta kronologikoa ahaztu eta transbertsala egiten da, artea beti pertsonari dei egiten dion komunikazio sistema dela sinetsita.

Erakusketa iraunkorra eguneratzeko lanak aurrera jarraitu du azken urteetan ere: aurten, maiatzaren 18an, Nafarroako monetari eskainitako areto bat ireki zuten, oztopo arkitektoniko zenbait kendu zituzten, eta 1.9 aretoko proiektu museologiko eta bitartekaritza proiektu berri bat martxan jarri zuten.

Museoaren historia oso loturik dago Maria Angeles Mezquiriz Irujorekin, urte luzez izan baitzen zuzendaria, 1957tik 1999ra arte. Ondoren, zuzendari izan dira Francisco Javier Zubiaur, Camino Paredes, Miguel Angel Hurtado eta Mercedes Jover. Azken honen gidaritzapean egin dira azken aldaketa nagusiak, erakusketa iraukorra berrituz, eta produkzio garaikidean jarriz indar berezia.

Ildo horretatik, Mercedes Joverrek ziurtatu du museoa "gizartearekin batera berritzen jarraitzeko prest" dagoela. 

Haurrentzako liburu bat eta anti-gida bat

Egindako historia ospatzeko, Silvia Lizarragak eta Itziar Rubiok haurrentzako liburu bat sortu dute, museoa kilikien eskutik bisitatzera gonbidatzen duena, emozioetan zentratuz.

Oskar Alegria zinemagileak, berriz, eraikinean eta hark gordetzen dituen artelanetan oinarrituriko lan bat ondu  du, baina oso modu berezi eta askean. Artelanen 173 irudi zatikatuekin egin du, puzzle bat osatuz; eta anti-gida gisa definitu du. Oskar alegria

Bi liburuak salgai daude, eta gainera, uztailaren 14ra arte museoa bisitatzen duten haurrek Nafarroako Museoko Enigma liburua dohainik jasoko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!