Egunean bost salaketa jartzen dira Nafarroan, indarkeria matxistagatik

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 23a, 09:42

2020an, ia 1.800 salaketa jarri zituzten emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietan, aurreko urtean baino %15 gehiago.

1.120 emakume eta 186 adingabe artatu dituzte azken urtean, eta horietatik 314 lehen aldiz hurbildu ziren baliabide horietara. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako urteko txostenetik eratorritako datu zenbait dira. Pandemia garaikoak dira, eta Covid-19ak izan du eraginik horietan: %44 egin du gora indarkeria psikologikoak.

Salaketek gora egitea ez da, berez, seinale txarra. Baina Nafarroako berdintasunerako institutuko zuzendari Eva Isturizek ohartarazi du indarkeria jasaten duten emakumeen %80k ez duela salatzen, gizarteak eta erakundeak biktima egiten dituelako behin eta berriz.

Hori dela eta, 2023an, sexu indarkeria artatzeko zentro propioa edukiko du Nafarroak. Europako funtsetatik iritsiko den diruaren bitartez jarri nahi du martxan gobernuak, eta egun proiektua garatzen ari da.

Eztabaida eragin zuen errugabetzea baliogabetu du auzitegiak

Bertan behera utzi du 14 urteko alabaordeari sexu-abusuak egiteagatik epaitutako akusatuaren absoluzioa. Adingabeak epaiketan azaldu zuen auzipetua lo eta "mozkortuta" zegoela sofan, eta berak egin zuela sexu-harremana bera ohartu gabe. Adingabea haurdun geratu zen. Errugabetzeak justifikaziorik ez zuela ebatzi du Arlo Zibil eta Penaleko Salak eta epaia berriro emateko agindu dio auzitegiari. 

Bien bitartean, Orkoiengo talde bortxaketa epaitzen ari dira Nafarroako Auzitegian. 2019an bost gizonek sexu harremanak edukitzera behartu zutela salatu du biktimak. Fiskalak 52 eta 54 urte arteko zigorra eskatzen du akusatuentzat. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!