Kontuen Ganberak adierazi du Audenasari egindako gainordainketa "araudiaren araberakoa" dela

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 21a, 09:19

Kontuen Ganberak ondorioztatu du gobernuak Audenasari ia 6,3 milioi euro ordaintzean, “aplikatu beharreko araudiaren arabera" jardun zuela. Hala ere, hitzarmena aldatzea komeniko litzatekeela dio.

Kontuen Ganberak txosten bat helarazi dio Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Gobernuak Audenasari egindako ordainketaren ingurukoa.

Txostenaren arabera, Audenasak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ondoren, Nafarroako Gobernuak kontratuaren interpretazioa egin zuen; Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 34. eta 142. artikuluetan berariaz jasotako prerrogatiba, hain zuzen ere.

Beraz, pandemiaren ondorioz trafikoaren jaitsiera konpentsatzeko egin zen 6.3 milioi euroko gain-ordainketa "araudiaren araberakoa" dela adierazi du ganberak.

Maria Txibite presidentearen hitzetan, txostenak, "Ogasun Departamentuaren kudeaketa egokia" izan zela bermatzen du.

Hala ere, Kontuen Ganberak zehazten du formularen interpretazioa faktura aurkeztean egin behar zela, eta ez gerora, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa emango liokeela. Halaber, Nafarroako Gobernuaren eta Audenasaren arteko hitzarmena aldatzea gomendatzen du, ezohiko testuinguruen kasuan interpretatu beharrik ez izateko; kasu honetan bezala. Horrez gain, eragin ekonomikoari buruzko azterketa sakonak egiteko eskatzen du, halako erabakiak hartu aurretik.

Horri lotuta, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu du txostenak hitzarmena berrikustea eskatzen duela, ohiz kanpoko egoeretara egokitzeko; eta Ainhoa Aznarez Ahal Dugukoak, formula fakturaren aurretik aurkeztu behar izan zutela, segurtasun juridiko handiagoa izateko.

Oposiziotik, Navarra Sumak ez du baloraziorik egin nahi izan mahai eta eledunen batzarraren osteko prentsaurrekoan. EH Bilduko bozeramaileak esan du Kontuen Ganbera ez dela zalantza juridikoen muinean sartu, hau da, kontratuen aldaketetarako berariazko prozedura bat existitzen den ala ez. Hala ere, txostenak EH Bilduk ere planteatzen zituen gai batzuk nabarmendu dituela: zergatik gobernuak otsailean egin zuen interpretazio bera ez zuen abenduan egin; eta, halaber, halako aferak konpontzeko hitzarmen zehatz bat sinatu beharko dela. 

Egindako interpretazioak ondorio ekonomikoak ditu 2020ko bilketa teorikoaren kalkuluan; 31 milioitik 38 milioira igarotzen baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!