Leitzako Udalak garraio publikoko zerbitzu "eskasa" berritzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 15a, 08:28

Autobusen maiztasuna eta ordutegia "urriak eta desegokiak" direla salatu du udalak. Sinadura bilketa bat jarri dute abian.

Leitzako Udalak eta bizilagunek garraio publikoaren egoera "oso eskasari" irtenbidea bilatzeko deia egin diote Foru Gobernuari. Udalak ohar batean salatu duenez, maiztasunak eta ordutegiak "urriak eta desegokiak" dira, eta horrek herritik kanpora joan behar duenak ibilgailu pribatua erabili behar izatea dakar. Hori dela eta, sinadura bilketa bat jarri dute martxan, gobernuari autobusen hiriarteko garraio publikoaren zerbitzu berri bat martxan jar dezan eskatzeko.

Arazo hau ez da berria, udalaren arabera: "Aspalditik dator. Azken hamarkadetan ez da hobekuntza nabarmenik izan, eta horrek garraio pribatuarekin mugitzera behartzen ditu gure herritarrak. Horrela, adineko jendeak edo autorik ez duenak arazo handiak ditu Leitzatik irten behar duenean".

Egoerak, ordea, okerrera egin du pandemiak eragindako krisia hasi zenetik, Nafarroako Gobernuak zerbitzua gehiago murriztu baitu. Azaldu dutenez, adibidez, Tolosara, Iruñera eta Donostiara joateko larunbat eta jaiegunetan zeuden zerbitzu guztiak kendu dituzte, eta asteburuetan ez dago autobus publikorik Leitzan. "Oraingoz, lanegunetan, maiztasun txikiarekin eta ordutegi desegokietan soilik eskaintzen zaigu hiriarteko garraio publikoaren zerbitzua".

Gainera, jakinarazi dutenez, 2015etik hona askotan bildu dira Foru Gobernuarekin gai horri heltzeko. Gobernuak Nafarroa osoan autobusen hiriarteko garraio publikoaren zerbitzua berritzeko asmoa agertu du hasieratik, eta 2015ean hasitako bileretan adierazi zuen Leitza inguruko zerbitzua berritzeko agiriak prestatzen hasi zela. "Baina 6 urte geroago, zerbitzu berria kontratatzeko prozedura oraindik ez da amaitu", kritikatu du udalak.

Gai horri lotuta, topaketa ireki bat egin zuten herrian, eta sinadura bilketa kanpaina bat martxan jartzea erabaki zuten, udalak koordinatuta. Astitz eta Maimur liburu dendetan sinatu daiteke, edota internet bidez, Change.org plataforman. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!