1889ko abenduaren 8. Madril. Kafetegi bat zabaltzear daude. Kanpoan, Julian Gaiarre Garjoni txalotzen ari den jendearen oihu ozenak entzuten dira. Gizon bat nabarmen aztoratuta sartu da lokalean. Zerbitzaria harekin hizketan hastean, nafar tenorearen morroia dela ohartuko da. Eta gizona abeslariaren bizitza kontatzen hasiko zaio zerbitzariari. Horrela abiatzen da Gaiarreren oroitzapenak izeneko ikuskizuna. Tenorearen bizitzaren errepaso bat da, bi pertsonaia anonimoren bitartez, baina baita pertsonaia entzutetsuen parte hartzearekin ere: Gaiarre bera azalduko baita, eta baita Hilarion Eslava edota Julio Inciso musikariak ere.
Oscar Salbotxek idatzi eta zuzendu du obra. Azaldu duenez, oholtza gainean ikusiko duguna ez da ohiko antzerki bat, ezta musikal bat ere; Salbotxek zehaztu duenez, ikuskizun dramatiko-musikala deitu diote. Maping teknologia erabili dute horretarako, gainera.
Osotara zazpi pertsonaia daude, eta aktoreak Pablo del Mundillo, Txori García, Juanjo Bordés, Andrea Jimenez, Killian Carrillo eta Oscar Salbotx bera dira. Juanjo Bordések gorpuztuko du Gaiarre, eta musikari honek izan zuen umiltasuna nabarmendu du.
Proiektu hau 2019an jarri zuten martxan, eta zerbait oso handia egiteko asmoa zuten; pandemia sartu zen tartean, eta egokitu behar izan zuten. Emaitza 70 minutuko ikuskizun hau da. Txikia, baina berezia, nabarmedu dutenez; eta beharrezkoa, Gaiarreren ibilbidea eta garrantzia aldarrikatzen jarraitzeko.
Hilaren 19an, larunbatarekin, estreinatuko dute, Gaiarre antzokian. Sarrerak antzokiko webgunean eskuratu daitezke.