Estatuak utzitako ondarerik ez duen sindikatu handi bakarra da Nafarroako LAB

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 11a, 12:09

Sindikatu abertzaleak salatu egin du Lan Ministerioak ez diola dagokion ondarerik, egoitzarik eman, beste sindikatuekin egin ez bezala. 1997an eskatu egin zuten eta orduz geroztik ez dute erantzunik izan. Lan sindikala aurrera eramateko bazterkeria salatu du LABek beste behin ere.

Lan ministerioak, sindikatu eta patronalaren artean banatu behar ditu bere ondasun eta egotizak, hain lanaren lagungarri izateko. Ordezkaritzaren arabera egiten da hori. Azken urteko datuen arabera, LAB sindikatuak 1.200metro koadroko ondarea eskuratu beharko luke ministerioaren partetik %17ko ordezkaritzaren truke; bainan bere egoitza guztiak, sindikatuak berak erosiak edo alokatuak dira. Ez du ezer ez jaso estatuaren partetik. Kontrako aldean UGT dago. Ordezkaritzaren %24arekin, 1.600 metroko ondarea dagokio bainan errealitatean 4.400 metro koadro biltzen dituen eraikin sorta du. “Diskriminazio hori jasanezina da” salatu du Imanol Karrerak, Nafarroako LAB sindikatuko arduradunak; “LABek bere erabateko autonomia eta gaitasuna berresten ditu borroka sindikal nagusietan parte hartuz”.

LABek Espainiar Lan Ministerioari eskatu dio “bidegabekeria eta diskriminazio sindikal hori behingoz buka dezala” eta 1997an sindikatu abertzalearekin hartutako konpromisoak bete ditzala. Nafarroako Gobernua eta bertako alderdiekin ere bilerak eginen dituzte egoera zein den azaltzeko.

Azpilagañako egoitza berria

Egoera honen berri eman du LAB sindikatuak, Iruñeko hegoaldean Navarra Sumak eta PSNk adostu duten urbanizazio eremu berriaren proiektua ezagutu eta gero. Bertan, merkatalgune handi bat ezartzeaz gain, UGT eta CCOO sindikatuen egoitza berria jarriko da, lan ministerioarekin Zaragoza etorbideko eraikinaren trukea negoziatuta. “Operazio iluna” salatu du Imanol Karrerak, “Berriz ere, sindikatu jakin eta kapitalismoaren mesedetan egina, Iruñeko hegoaldeko merkatari eta saltzaileen gainetik eraikia”. LABek salatu duenez, UGT-k eta CCOO-k egoitza berria izanen dute, doainik; hamarkadetan egun dauden eraikina zaharberritu gabe egon eta gero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!