Hezkuntza Departamentuak EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabideen Zentroaren web orrian argitaratu du ‘Sormen digitala’ irakasgaiaren material guztia. Ikasturte honetan Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxetan landu da, euskal kulturaren transmisioa sustatzeko.
Bertan biltzen dira, alde batetik, irakasgaiaren beraren azalpen orokorra eta irakasleentzat prestatutako materiala, eta, bestetik, ikasleek ikasturtean zehar sortu dituzten sormen lan guztiak, aldizkari digital batean antolatuta.
Ikastaroan zehar ekoitzitako materialaren artean, gai zehatz baten inguruan landutako koreografiak, ikasleek sortutako musikak eta abestiak, eta idatzizko materiala ikus daitezke, hala nola elkarrizketak, bideopoemak, abestien bertsioak edo askotariko testuak.
‘Sormen digitala’ irakasgaia 2020-21 ikasturtean abiatu zen Eunate BHI, Iturrama BHI, Iparralde DBHI, Alaiz BHI, Lekaroz BHI, Altsasu BHI eta Jaso Ikastolan, DBHko 2. eta 3. mailetan. Hiru ikastetxek hautazko irakasgai gisa landu dute programa, eta beste lautan diziplinarteko proiektu gisa jorratu dute, hainbat mintegitako irakasleen parte hartzearekin.
Irakasgai honek euskal kulturaren transmisioa lantzea izan du abiapuntua eta, horretarako, lau tailer esperimentatzeko materiala sortu du EIBZk. Material horretatik abiatuta, gazteei proposatu zaie interesatzen zaizkien gaiekin bideo laburrak egitea, eta sortutako materiala aldizkari digitalean bildu da.
2021-22 ikasturtean, 13 ikastetxek parte hartuko dute ‘Sormen digitala’ proiektuan. Eunate BHIk ez du lortu talderik ateratzea, eta aurtengoez gain ikastetxe hauetan eskainiko da programa: Toki Ona BHI, Amazabal BHI, Askatasuna BHI, Biurdana BHI, Lizarraldea BHI, Otsagabia DBHI eta Erronkari DBHIn.