Foru Administrazioan enplegua lortzeko euskara arautuko duen dekretuaren inguruan Gobernuko kideek dituzten desadostasunak "puntualak" dira, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzetan. Desadostasun horiek "handiak" diela azaldu du gaur, baina, Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak Euskalerria Irratian. Desadostasun hori zein unera arte tenkatuko duten galdetuta honako erantzuna eman du eledunak: "Prest gauden kontu honengatik gobernua apurtzeko? Nire ustez, ez; ez dugu egon behar, eta arduraz jokatu behar dugu. Tenkatzen eta eskatzen jarraitu behar dugu, baina indar korrelazioa ikusita eta gutxiengoan gauden heinean, kobentzitzen saiatzen jarraitu behar dugu".
Euskararen legearen arbaerako, Nafarroako eremu ez-euskaldunean euskara meritutzat baloratzearen alde Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra azaldu dira. Hemeretzi boto dira; PSNren eta Navarra Sumaren 31 botoen aurrean.
EH Bilduko Bakartxo Ruiz parlamentariarekin batera izan da Arakama gaur goizean Metropoli Forala saioan. Alderdi abertzaleko eledunaren ustez, presidentearen hitzek erakusten dute alderdi sozialistak "ez duela ezer ulertu". Lotsagarritzat jo du urte eta erdiz dekreturik gabe egon ondoren, gobernua "luzamenduetan" ibili izana. Hizkuntz eskubideak bermatzearen gainetik, "interes alderdikoiak" gailentzen direla salatu du: "Lehenengo galdera da: Zer da hau? Zein errealitate soziolingustikok ahalbidetzen du alemana baloratu ahal izatea eremu ez euskaldun horretan eta ez euskara, Nafarroako hizkuntza propioa dena? Iraingarria iruditzen zait euskaldunontzat eta Nafarroa demokratikoagoa nahi duen jendartearentzat".