Euskararen dekretuari buruzko desadostasuna "puntuala" dela dio Txibitek

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 9a, 08:50

"Beste esparru batzuetan" euskara sustatzen ari direla esan du Nafarroako Gobernuko presidenteak. Gobernuak dekretu horrekin "aurrera jarraituko" duela ziurtatu du. 

Foru Administrazioan enplegua lortzeko euskara arautuko duen dekretuaren inguruan Gobernuko kideek dituzten desadostasunak "puntualak" dira, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzetan. 

Nafarroako eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa ez baloratzeko erabakia hartu du Funtzio Publikoko Departamentuak, eta Geroa Baik eta Ahal Duguk uko egin diote horri.

Txibitek Peraltan egindako ekitaldi batean kazetarien galderak erantzunez honakoa esan du: "Adostasuna egon dadin egin dugu lan, eta dekretu honetan gehiago dira adostasunak desadostasunak baino. Edonola ere, Funtzio Publikoa da dekretua egiteko eskuduna, azkenean Funtzio Publikorako sarbidea arautzen duen dekretua delako".

"Euskararen ikuspegia Funtzio Publikora soilik ez mugatzea" eskatu du presidenteak. "Euskarabidearentzako baliabideak handitzen jarraitzen dugu, euskarazko hezkuntza modu askean sustatzen jarraitzen dugu, edozein gunetan hala nahi duten Nafarroako haur guztiek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten, helduek euskaraz ikasteko aurrekontu-partidak handitzen jarraitzen dugu, baita hedabideek hizkuntza sustatzeko aukera izan dezaten ere", esan du.

Dekretuaren ingurukoa "oso eztabaida puntuala" dela esan du: "Eremu ez-euskaldunean euskararen meritua ez baloratzeaz ari gara, eta hizkuntzen tratamenduaren barruan eztabaida txikia dela uste dut".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!