Burmuineko kaltea duten aurren aldeko erronka egingo dute bihar Erronkarin

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 4a, 10:29
Camille Extreme bateko irudi bat.

Erronkari 360 ekinbide solidarioak Camille Extreme lasterketa ordezkatuko du aurten.

Pandemiak bertan behera utzi du aurten ere Camille Extreme lasterketa, eta antolatzaileek ahalegin berezia egin dute, eta proposamen solidario bat eskainiko dute: Hiru Hamabi elkarteari lagunduko diote, mendi proba batekin, eta finantzaketa kolektiboko kanpaina batekin.

Bihar bertan, Camille Extreme mendi lasterketaren antolatzailea den Izabako Kirol Elkarteak Erronkari 360 erronka solidarioa egingo du, Hiru Hamabi Nafarroako haurren garuneko kaltearen aurkako elkartearen alde.

72 kilometro egingo dituzte, bailarako zazpi herrietan zehar, eta parte hartzeko bi modu egongo dira: guztia zeharkatzea, edo zatiren bat. 2020an 20.000 euro bildu zituzten,  eta aurten kopuru hori gainditzea dute xede.

Bihar, larunbatarekin, goizeko 07:30ean, Izabatik irtengo dira sei korrikalari, 72 kilometroko ibilbide osoa egingo dutela baieztatu dutenak. Hamabi ordutan osatzeko asmoa dute. Talde horri kirolari gehiago gehitu ahal izango zaizkio, tarteka edo ibilbide osoan korrika egiteko.

Izabatik irten ondoren, parte-hartzaileak Uztarrotzera joango dira, Uztarrotzetik Bidankotzera; Bidakontzetik, Burgira; Burgitik Gardera; eta handik Nabarzatora, biztanlerik gabeko haraneko herrira; handik Erronkariraino jarraituko dute, Izaban amaitzeko.

Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat ere sortu dute, eta esteka honen bidez egin daiteke edozein diru ekarpen: www.migranodearena.org/usuario/asociacion-hiru-hamabi. Abuztuaren 5era arte egongo da zabalik. 

Hainbat kirolarik eta kazetarik euren babesa erakutsi diote egitasmoari, bideo bidez; besteak beste, Joseba Ezkurdia pilotariak, Edurne Pasaban alpinistak, Maitane Melero atletak, Xabier Zarranz korrikalariak, Africa Baeta kazetariak eta Xabier Usabiaga kazetariak. 

Pandemiaren ondorioz, iaz eta aurten ez da Camille Extreme lasterketa egin, baina Izabako Kirol Elkartearen eta Hiru Hamabiren arteko lankidetza ohikoa da. Haien arteko loturak bi izen propio ditu: Ander eta Aimar, bailarako bi haur, burmuineko kaltea dutenak. Haiek ezagutzearen ondorioz, bi elkarteen arteko bideak elkartu egin dira, eta bailaran gaitz horrekiko sentikorragoak bihurtu dira.

Koronabirusaren krisiak mota horretako elkarteentzako laguntzen murrizketa handia ekarri du, eta horregatik erabaki dute galera hori konpentsatzeko ahalegina egitea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!