Nafarroak eta Espainiako Estatuak espetxe osasuneko eskumenaren transferentzia itxi dute

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 2a, 10:36
Maria Txibite, Miquel Iceta eta Javier Remirez, gaur, Nafarroako Jauregian.

Transferentzien Batzarraren protokolozko bilkuran Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa izan da. 

Nafarroako Jauregian Espetxe Osasunaren eskumena Espainiako Estatuaren eta Foru Erkidegoaren artean eskualdatzeko ekitaldia egin dute gaur. Topaketak hogei urteko lehen eskumen eskualdaketa ofizial egiteko  balio izan du, eta Foru Gobernua abuztuaren 1etik aurrera hasiko da transferentzia hori gauzatzen.

Iruñeko espetxean osasun-laguntzako eginkizunak beteko dituzte, presoek osasun zerbitzuen erabiltzaile gisa dituzten eskubideak, osasun baliabideen eskuragarritasuna, espetxeetako osasun prestazioen kalitatea eta sarbideko ekitatea bermatuz.

Maria Txibite presidentearen hitzetan, akordioak "hurbileko zerbitzu publikoetan aurrera egiten jarraitzea" dakar, eta "autogobernuan sakontzea".

Estatu mailan, espetxe osasunaren urteko kostu osoa 131 milioi eurokoa da, eta horietatik Nafarroak % 1,6 deskontatuko du ekarpen ekonomikoan, hau da, 2,1 milioi euro urtean, bere gain hartu beharreko funtzioak eta zerbitzuak finantzatzeko.

Nafarroak bere gain hartuko ditu osasun laguntzari dagozkion gastuak  eta Espetxe Erakundeetako plantillan dauden bederatzi langileen gastuak; langile horiek Osasunbideko plantillan sartuko dira. Horrela, presoak artatuko dituzte Osasunbidetik, eta Nafarroako Gobernuak osasun publikoko plan espezifikoak eskeini ahal izango dizkie presoei.

Dena den, urrats hori gorabehera, Nafarroa oraindik urrun dago espetxe eskumen osoa izatetik, hainbat gizarte talde eta erakundek aldarrikatzen dutena.

Hurrengo transferentzia trafikoarena izango da. Chiviteren hitzetan, lan tekniko zaila dela, baina, aurretik iragarri bezala, aurten itxiko dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!