3.185 langabe gutxiago maiatzean Nafarroan: inoizko beherakadarik handiena

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 2a, 10:30
Mari Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetarako kontseilaria, agerraldi batean.

Alarma egoeraren amaierak datu positiboak ekarri ditu Nafarroako lan merkatuari dagokionez: langabeziak serie historikoan izan den beherakadarik handiena izan du maiatzean.

3.185 pertsona atera dira joan den hilean langabeziatik, eta neguaren amaieratik ikusten zen enplegu-sorrerari eutsi egin zaio. Lanean daudenen kopurua 290.000koa da, enplegu erregulazio espedientean daudenak barne.

Hala ere, koronabirusaren krisiak utzitako arrastoa sakona da. 38.500 pertsona daude lanik gabe Foru Erkidegoan, pandemiaren aurretik baino ia 5.000 gehiago eta 2019ko maiatzean baino 7.000 gehiago. Enplegu erregulazio espedienteen babesa garrantzitsua izan da; hilabete amaieran 5.700 pertsona zeuden horien pean.

Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetarako kontseilariaren hitzetan, "oso datu positiboak" dira, baina ezin da ahaztu pandemiari lotutako "ziurgabetasunak" hor jarraitzen duela.

Hileko langabeziaren jaitsiera, %7,6koa, estatuko erkidego guztien artean bigarren handiena da, Balear Uharteen atzetik. Horrela, 2020ko maiatzarekin alderatuta, langabezia % 6,2 murriztu da.

Enplegu gehien sortu duen sektorea industria da, maiatzean 500 enplegu berri baino gehiago sortu baitira; atzetik doaz administrazio  eta laguntza jarduerak, 400ekin; eta ostalaritzan, 260rekin. Guztira, 2.600 lanpostu gehiago utzi ditu maiatzak.

Nolanahi ere, aipatu behar da langabezia-zifren elementurik negatiboenetako bat iraupen luzeko langabezia dela. Nahiz eta  6ko jaitsiera izan den, gaur egun langabe gisa erregistratutako pertsona guztietatik, % 57k, hau da, ia 22.000 pertsonak, urtebete baino gehiago daramate lanik gabe.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!