Selektibitatea euskaraz egingo duten ikasleen kopuruak milako langa gainditu du

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 2a, 12:22
Iazko selektibitatearen irudi bat.

Gaur hasi dira unibertsitatean sartzeko ebaluazio probak: Nafarroan 3.869 ikaslek egingo dituzte, gautik hasita eta ostiralera bitarte. Konfinatuak dauden ikasleek beste aukera bat izango dute, hiru aste barru. Gora egin du euskaraz egingo dutenen kopuruak: 1.068 dira. 

Hiru egunez egingo dute unibertsitatean sartzeko ebaluazioa edo selektibitatea, ohiko moduan, aurreko urtean egoerarengatik lautara zabaldu ondoren, eta soilik NUPeko eraikinetan.

Protokolo eta prebentzio neurri bereziak ezarri dituzte, orokorrean erabili ohi direnak, alegia, maskara, segurtasun tartea, higienea eta aireztatzea.

Zazpi epaimahai daude, eta matrikulatutako ikasle guztien artean, emakumezkoak gehiago dira, azken urteetan izaten ari den bezala, zehazki, 2.276 guztien %58; eta gizonezkoak, 1.593. Hizkuntzei dagokienez, aurten gorakada sumatu dute proba euskaraz egingo duten ikasleen kopuruan. Milako langa gainditu da; zerbait "esanguratsua", Ana Zabalza unibertsitatean sartzeko ebaluazioaren arduradunaren arabera.

NUPeko campusean selektibitatearen ohiko giroa dagoen arren, eta baldintzak nahiko normalak direla dirudien arren, badira proba egin ezin izango duten ikasleak, birusarekin edo konfinatuta daudelako. Hori dela eta, aurten ezohiko deialdi bat egingo dute, ikasle horiek baldintza berberak izan ditzaten. Ekainaren 23, 24 eta 25ean izango da; eta ondoren, irailean, beste proba bat egingo dute, ezohikora ere joaterik ez duten ikasleentzat. Dena den, momentz, hiru biano ez dira.

Ezohiko ikasturte baterako ezohiko azterketak

Azterketa eredua iaz ezarri zen berbera izango da; alegia, eredu bakarra egongo da, baina ikasleek galderen artean aukeratu ahal izango dute. Lorea Lasarte Alaitz institutuko selektibitateko koordinatzailearen irudiko, erabaki "egokia" da, aurtengo eta aurreko ikasturteetako baldintzak ez direlako baldintza ohikoak izan: "Hasieratik esan genuen ezohiko ikasturte bat izango zela, iaz, batxilergoko lehen mailan, ezin izan zirelako eduki guztiak eman, eta aurten, galdutakoak berreskuratu ditugu; baina batxilergoko bigarren ikasturtea berez tinkoa bada, aurten are gehiago. Horregatik, argi genuen ikasturtea ezohikoa bada, azterketak ere ezohikoak izan beharko zirela". 

Lasartek urduritasuna sumatu du ikasleen artean, baina ez beste urte batzuetan baino askoz gehiago; izan ere, "nahiko goiz" argitu zieten nolakoak izango ziren probak.

Ostiralean bukatuko da aurtengo hauta proba, eta emaitzak Internet bidez edota aplikazio bat jaitsita kontsultatu ahalko dira, ekainaren 10ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!